argia.eus
INPRIMATU
Aiaraldea Komunikabideak Jaurlaritzari bitartekaritza eskatu dio, Amurrioko Udalarekiko gatazkan akordioa lortzeko
  • Amurrioko Udalak alde bakarrez dirulaguntza kendu zion eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrari, eta ehunka herritarrek eta entitatek eskatu zioten dirulaguntza berrezartzeko. Aiaraldea Komunikabidea saiatu da udalarekin biltzen, baina udalak elkartzeari uko egin dionez, Jaurlaritzara jo du.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 25
Aiaraldea Komunikabideak espero du "borondatea izanez gero" akordio batera iristea "lehenbailehen". / Argazkia: Aiaraldea Komunikabidea.

Aiaraldea Komunikabideak eskatu dio Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariari bitartekari izateko Amurrioko Udalak alde bakarrez dirulaguntza kendu ostean piztutako gatazkan. Ekainaren 21ean elkarretaratze jendetsua egin zuten udaletxearen aurrean, eskatzeko eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra denari dirulaguntza berrezartzeko; dirulaguntzarik gabe defizit finantzarioan daudela ohartarazi dute.

Irailaren 21erainoko epea eman zioten udalari urratsak eman zitzan auzia konpontzeko, eta ikusita uko egin diola komunikabidearekin biltzeari, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean eskaera ofiziala tramitatu du Aiaraldeak, Euskara Sustatzeko zuzendari berriak esku hartu dezan konponbidean. Urriaren 31ra bitarteko epea ireki dute, eta baieztatu dute “borondatea izanez gero” akordio batera irits daitezkeela “lehenbailehen”.

Josune Irabien Marigorta bitartekaritza egiteko “pertsona egokia” dela ziurtatu du Aiaraldeak: bere eginkizunetako bat da “euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea”, eta gainera, Amurrioko alkate izan da bederatzi urtez. Hain zuzen, 2012an alkate zela sinatu zuten “euskarazko komunikabideak sustatzeko, laguntzeko eta finantzatzeko adostasun handiko elkarlan akordioa”, bederatzi udalek bat egin zutena, eta orain Amurrioko Udalak bertan behera utzi duena.

Hitzarmen horren garrantzia gogorarazi diote Jaurlaritzari: “Elkarlan bide horren emaitza izan da urte hauetan guztietan euskara biziberritzeko lanabes estrategikoa den komunikabidea asko eta ondo errotu dela eskualdean, eta hizkuntzaren biziberritzerako ezinbesteko makulu bihurtu da milaka eta milaka herritarrentzat”. Komunikabideak ezinbestekotzat jo du eskualdean euskara biziberritzeko “tokiko instituzioen eta herritarren ehun sozialaren arteko lankidetza”. Bide horretan beste urrats bat eman du Aiaraldeak orain, eta espero du udalarekin elkarlan-hitzarmena berrezarri ahal izatea.