argia.eus
INPRIMATU
Disko-liburua labean
Aiaraldea, kantu kontari
  • K@ntu k@ntari Aiaraldean CD-liburua sortu du Kokoriko Hezkuntza Faktoriak. Eskualdeko 9 herrietako abestiak, istorio eta ilustrazioak barne hartzen ditu argitalpenak. Abenduaren 18tik aurrera egongo da lana salgai.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2020ko abenduaren 17a
Izar Mendigurenek sortu ditu letrak eta Igon Olaguenaga eta Egoitz Uriartek, aldiz, doinuak. Argazkia: aiaraldea.eus.

10. urtemuga dela eta, egitasmo berria aurkeztu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak: K@ntu k@ntari Aiaraldean liburu-diskoa. Eskualdeko 9 udalerrietako gertaerak kantu bihurtu dituzte, historiako pasarteak jasota batetik. Bestetik, abesti bakoitza ilustrazio eta testu batekin hornitu dute. 

Hala, tokiko kontuak eta kantuak bildu dituzte lanean.  Lana abenduaren 18an aurkeztuko da jendaurrean, ekitaldi publiko baten bitartez.

Kolaborazio ugari bilatu dituzte lanean. Abestien letrak Izar Mendiguren Cosgaya bertsolariak sortu ditu, eta musikaren doinu guztiak Igon Olaguenaga eta Egoitz Uriartek konposatu dituzte. Dena den, ahotsak jartzerako orduan kolaboratzaileen zerrenda luzea izan da:  Aiala Mendieta, Irati Mendiguren, Malen Atxa, Jurgi Ibarretxe, Xabier Basterra, Igon Olaguenaga, Egoitz Uriarte, Flor Inza, Igor Arzuaga, Ibon Koteron, Gurene Grande, Okher eta  Mikel Barros. Estilo aldetik oso anitza da musika, baita kontakizunak ere.   

Egitasmoaren helburua tokiko historia zein ondarea euskaraz eta kultur pieza ezberdinekin transmititzea izan da. Horren adierazle da sortzaile andana biltzea. "Pandemia garaian abiatutako proiektua izan da, eta beraz, asko mugatu gaitu horrek jendearen inplikazioa eskatzerako orduan", adierazi du Igon Olaguenaga konposatzaileak. Egoitz Uriartek, istorioen araberako erritmo motak aukeratu dituztela azpimarratu du. 10 abesti eta istorioko bilduma Ekonomatuan egongo da salgai abenduaren 18tik aurrera, eta aurresalmenta abian da internet bidez www.ekonomatua.eus webgunean. CD-liburuak 15€ balioko ditu, baina Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkideek 10 euroren truke eskuratzeko aukera izango dute. 

 

Tokiko ondarea nagusi

Abesti bakoitzean herriko balio edo gertakizun bat nabarmentzen saiatu dira. Izar Mendiguren Cosgayaren hitzetan, hitz eta musika jokoz josia dago lana: "Euskarazko onomatopeia asko sartu ditut letretan. Saiatu naiz euskararen bizitasuna eta jolaserako amuak eskura jartzen". Kantu bakoitzak gertaera bati egiten dio erreferentzia. Laudioko abestian sorginak dira protagonistak; Amurriokoan Mariaka indartsua; Orozkokoan Kirikiñausiak, Okondokoan suaren bueltan dantzatzeko ohitura; Urduñakoan Aduana eta mugak; Artziniegan Artearen garrantzia; Arakaldon Esparteroren erreketa eta Arrankudiagan Eguen Zuri. 

Gainera, Eider Garcia diseinatzailearen ilustrazioek jantzi dituzte herri bakoitzari zuzendutako kontakizunak. 

Hala, Anuntxi Arana, Jose Angel Aramendi, Joseba Egiguren, Xabi Zalbide, Julene Onaindia, Felix Mugurutza, Nekane Otsoa, Aketza Merino, Txomin Eguiluz eta Jabi Aspururen narrazioekin egingo du topo irakurleak.Aiaraldean, kantari aritzeko kontu ugari daudenaren seinale.

Hemen aurkezpen bideoa: