2015. urteko merezimenduzko Argia Saria Aiaraldea komunikazio proiektuari eman diogu.
Komunitatearen borondatetik sortua, webgune batetik abiatu eta zabaltzea lortu du Aiaraldea Komunikazio Leihoak 2010etik hona. Profesional eta boluntarioen lana uztartu eta egun, irratia, papereko hamaboskaria eta mugikorretarako aplikazioa ere baditu, baita inoiz bazterrean utzi ez duen komunitateari begirako proiektuak ere.
Iaz abiatutako Aiaraldea Herri Elkargoari forma ematea da horietako bat. “Ez da bakarrik komunikabideak sustatzeko zerbait baizik eta euskarazko komunikazio jarduna eta komunitatea eraikitzeko elkargune bat”, azaldu du Gartzen Garaiok.
Inguruarekiko harreman estu hori komunikazio egitasmoaren izaeran ere nabari da, izan ere, “Aiaraldea eskualde politikoan bost herri bakarrik daude: Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondo. Errealitate horrek ez dio erantzuten errealitate soziologikori eta guk Bizkaiko beste lau herri ere sartzen ditugu gure proiektuan: Urduña, Orozko, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo”
Epaimahaiaren arrazoiak:
Eskualdea txikia da, omendu nahi dugun proiektuko kideak berriz, erraldoiak eta kabitzeko komeriak.
Hasi ziren webgune batekin eta berehala erakutsi zuten teknologia lagun, zenbat gauza egin ditzaketen komunikazio esparruan eragin nahi dutenek.
Eskualdea txikia da eta urte gutxian biztanleriaren erdia euskalduntzea lortu du, baina ez zegoen egunekoaren berri euskaraz emango zuen inor, proiektu hau agertu zen arte. Hutsunea bete dute beraz.
Hori bakarrik? Ez! Bost urte eskasean paperezko edizioa ere argitaratu dute eta eskualdearen erreferente informatibo bihurtu dira.
Eta argi, ze, hasi besterik ez dira egin. Komunitatean eta balore eraldatzaileetan errotua emaitzetan eta filosofian berritzailea irakurtzekoa, ikustekoa, entzutekoa. Aurten ARGIAk Merezimenduzko Saria eman nahi dio, Aiaraldea komunikazio leihoari.