Igor Iturain Aiako alkate ohiak, Aiako Udaleko bi teknikarik eta Maite Garrastazu Zarauzko Udaleko zinegotziaren familiako bi kidek, martxoan pasa beharko dute epailearen aurretik.
Zarautz eta Orioren artean dagoen eremu babestua da Talaimendi, eta lurrak Aiako herriarenak dira. Debekatuta dago bertan eraikitzea, baina ez ordea, lehendik zegoen baserria berritzea. Baserri hura Maite Garrastazu Zarauzko Udaleko Herri Segurtasuneko zinegotziaren familiakoa da. “Berritzea” zer den, hor dago gakoa: jabeek diote legearen barruan egin dutela guztia, eta salaketa jarri dutenek, berriz, eraikina berria dela eta baimendutako neurriak gainditzen dituela. Webgunea ireki zuten guztia azaltzeko. Gainera, adierazi dute etxearen egileak ez dituztela inputatu, ikertu gisa soilik deklaratuko dutela. Honela adierazi du Azpeitiako Lehen Auzialdi eta Instrukziozko 2.epaitegiak: "Ondarearen eta gizarte eta ekonomia ordenaren aurkako delituengatik deklaratu beharko dute".
2010ean onartu zuen Aiako Udalak, artean Iturain (EAJ) alkate zela, baserria berritzeko proiektua. 2011n hartu zuen Zarauzko Udaleko zinegotzi kargua Garrastazuk (EAJ), eta 2013an ekin zitzaion baserriaren ustezko berritzeari. Salaketa jarri dutenek, jarraian dagoen bideoan azaltzen den bezala, zenbait arau-hauste aipatzen dute: besteak beste, eraikin berria aurreko baserriarekiko 50 metroko erradioan kokatu behar zela eta 350 metrora dagoela, eta bolumen eta tamaina aldetik berdina edo antzekoa behar lukeela izan, baina ez dela hala.