argia.eus
INPRIMATU
Akiloukap
Ahuntz esnearekin egindako xaboi artisauak
  • Lasako Yon Hourcadek abiatutako proiektua da Akiloukap. Beren buruentzat kamisetak eta txapelak egiten hasi ziren lehenik, bere etxola, inguruko mendiak eta ahuntzak irudikatuz. Baina ingurukoei arropak gustatu eta eskatzen hasi zitzaizkiela ikusita, proiektua zabaltzea pentsatu zuen. Duela urtebetetik, berriz, bestelako egitasmo bat ere gehitu diote Akiloukapi: etxeko ahuntzen esnearekin xaboi artisauak egiten hasi dira.

Garazi Zabaleta 2021eko martxoaren 17a

“Ahuntzak nituen lehenagotik eta beti egin nahi izan dut zerbait haiekin, horrela bururatu zitzaidan xaboiak egiten hastea”, azaldu du Hourcadek. Galtzen ari den antzinako pirenaika arrazarekin egiten du lan Lasako gazteak; Frantziako Estatu osoan 4.000 buru inguru besterik ez omen dago. “Ez du esne gehiegi ekoizten ahuntz arraza honek, baina xaboiak egiteko ezaugarri aproposak ditu: kalitate handiko esnea da urin asko duelako, eta hori oso ona da larruko eritasunak lasaitzeko”, dio ekoizleak.

28 ahuntzeko taldea du Hourcadek, urte osoan mendian libre. “Pirenaika oso landa-arraza da, mendian egoten da urte osoan, eta oso onak dira gure zelaiak garbi mantentzeko”. Hain zuzen, horixe zen gaztearen helburu nagusietakoa proiektua abiatzerakoan: “Mendiak pixkanaka husten ari dira Iparraldean, eta hori asko ari da nabaritzen, lurrak sasitzen baitira. Su eman beharrik gabe, gure ahuntzek bazter horiek guztiak garbitzen dituzte”. Arraza balorizatzeko asmoz, gainera, inguruko beste ahuntzain batzuekin elkarlanean ari da talde bat sortzen. Pirenaika arraza ezagutzera ematea eta haren inguruan sortutako aurreiritziak aldaraztea dute asmo.

Eskuz egindako xaboiak

Xaboien proiektua martxan jarri zuenean horiek egiteko gunea jarri zuen martxan Hourcadek etxean. “Antxumeek bi hilabete dituztelarik mendira igotzen naiz, ahuntzak goizetan jetzi eta arratsaldean egiten ditut xaboiak”, dio. Prozesu osoa eskuz egiten du, modu artisauean eta osagai guztiz naturalak erabiliz. Ahuntz esneaz gain, usain desberdinetako olio esentzialak, oliba olioa eta sosa kaustikoa daramate xaboiek. “Osagai biologikoak darabiltzagu horiek egiteko. Nik momentuz ez dut bio labelik, baina asmoa da horretara pasatzea”. Xaboiok larruarentzako propietate oso onak dituztela azaldu du gazteak, batez ere eritasunak dituztenentzat.

Ez du inguru hauetan pirenaika arrazako ahuntzen esnearekin xaboiak egiten dituen beste inor ezagutzen, ideia internetetik hartu zuen Hourcadek beste arraza batzuekin gauza bera egiten zutenengandik. Orain, akiloukap.fr webgunean saltzen ditu bere produktuak, eta otsailaz geroztik Nafarroa Behereko hainbat azokatara joaten da. Udara begira toki gehiagotara mugitu ahal izatea espero du.