argia.eus
INPRIMATU
Ahul
  • Ba, antza, gauza pila bat ari gara ikasten, esperimentatzen, deskubritzen garai bitxi honetan. Eta, dirudienez, ikasten ari garen horrek guztiak pertsona hobeak eta osoagoak egingo gaitu etorkizunean.

Mikel Elosegi Azpiazu @Mikelelosegiazp 2020ko apirilaren 21a

Ikasprozesu kitzikagarri honetan, gutako batzuk “momentu” hau aprobetxatzen ari omen dira pause-ri eman eta bizitzak eman dienaz jabetzeko, daukaten zorteaz hausnarketa luze bezain gogobetegarria egiteko. Eta poz-pozik daude pentsatze hutsarekin zer inguru zoragarria duten, zenbat gustatzen zaizkien bizitzak jartzen dizkien erronka txiki hauek, lanak zenbat asetzen dituen…

"Ikasprozesu kitzikagarri honetan, gutako batzuk 'momentu' hau aprobetxatzen ari omen dira pause-ri eman eta bizitzak eman dienaz jabetzeko"

Beste batzuek, berriz, pasioz eta irrikaz egiten duten zaletasun bat deskubritu dute; haien garapen pertsonalerako lagungarria. Eta hor ari dira etxean mallak jantzi eta jo ta fuego kirola egiten, edo irinik gabeko bizkotxoa prestatzen. Bai, irinik gabekoa. Izan ere, hainbeste bizkotxo egiten ari garenez, supermerkatuetan irina bukatu zaigu; baina, lasai, une garratz hauetan ezbeharrei irmo aurre egiten ikasi dugunez, irinik gabeko bizkotxoak egiteko tutorialak aurkitu ditugu sarean, eta, orduan, listo: gainditutako beste oztopo bat.

Are gehiago, ausartenak haien sorkuntzak Instagramen, Youtuben, Facebooken, Twitterren  ̶ edo denetan batera ̶  erakusten hasi dira. Eta horrek teknologia berrien esparrura eraman ditu, eta deskubritu dute aukera txundigarriz beteriko mundu birtuala. Txaloak haientzat.

Eta zer esan gure umeez? Bat-batean infernuko etsaiaren pare zen neskato hori ez zaigu hasi, bada, etxeko lanak ia-ia bere kabuz eta inork behartu gabe egiten! Beste hainbatek logela txukun-txukun daukate, eta gurasoei irinik gabeko bizkotxoak prestatzen laguntzen dietenak ere ba omen dira bazterretan…

Labur esanda: oso garai aberasgarria hauentzat guztientzat. Oso ondo eta primeran. Bejondeiela!

"Zer esan gure umeez? Bat-batean infernuko etsaiaren pare zen neskato hori ez zaigu hasi, bada, etxeko lanak ia-ia bere kabuz eta inork behartu gabe egiten!"

Niri dagokidanez, berriz, ezin esan itxialdi honetan supergaitasun nabarmenik garatu dudanik. Aitzitik, esango nuke maiz ahul ikusi dudala neure burua. Egia esan, galdetuko balidate aste hauetan zer ikasten ari ote naizen, zalantzak izango nituzke, baina zerbait aipatzekotan esango nuke ahula ere izaten ikasten ari naizela. Ez indartsua, ez orekatua, ezta baikorra ere; ahula.

Esplikatuko dizuet zertan den kontua. Ez naiz  koronabirusak jota gaixotu, ingurukoak osasuntsu dauzkat, oraingoz lan-arazo handirik ez dut, hozkailuan beti daukat Keler bat freskatzen…; eta, hala ere, batzuetan erori egin naiz. Ez da bizitzan izan dudan lehen erorikoa. Baldinbaitere! Gertatzen dena da oraingoan ez dudala orekatuarena egiteko indarrik edo gogorik izan, eta ondokoei nire jausialdien  berri eman diet; aizu, eta konturatu naiz haiek ere erori egiten direla arrazoi jakinik gabe  ̶ are gehiago, lehen ere erori egiten ziren ̶ . Aizu, eta ikasi dut ez dagoela gaizki, eta ahuldade horiek kontatzeak humanoagoa egiten zaituela, jendearengana hurbiltzen zaituela, libratzen zaituela superpozik, superbaikor eta superorekatu egon beharretik. Eta horrek kristoren arindua ematen duela, eta baita indar pixka bat ere biharamunean ahulok hain makal ez sentitzeko.

Ahul izaten ikastea: horra hor nire itxialdiko aurkikuntza xumea; xumea, bai, baina lagungarria. Horren susmoa dut, behintzat.