argia.eus
INPRIMATU
Ahuakateondoa eta xenofobia
  • Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela. Asturiasera doanari beti gomendatzen diot Porrua herriko Etnografia Museoaren atarian dagoen ahuakateondo erraldoiari bisita egitea, merezi du haren azpian tartetxo bat lasai igarotzea, haren tamainari eta zeureari tamaina hartzeko behinik.

Jakoba Errekondo 2023ko irailaren 04a

Zer grina piztu du bada ahuakateak guregan? Hasteko nobedadezaleak gara, amorratuak. Eta ahuakatearen aldeko marketin kanpaina erraldoia ikusten ari gara joan deneko hogeita hamar bat urtean: osasunerako ezin hobea, jateko prestatzen erraza eta batez ere modernoa da. Era berean, jan dugun ale horren hezur handitik landare berria sortzea oso erraza da, honela azaldu nuen egunero lantxo bat argitzeko sortu berria dugun Telegrameko Bizi Baratzea kanalean, duela gutxi: “Ahuakatearen barruan dagoen hezurra atera, garbitu eta erdi parean zotz batzuk sartuko dizkiogu. Ontzi batean zotz horiekin ertzean eutsiz, haziaren erdiraino ura jarri. 3-4 asterako sustraia azalduko da. Hura 10 cm inguru luzatu denean loreontzi batean lurrean landatu, erdia lurpean erdia airean, eta lurrari heze eutsi. Laster zurtoina eta hostoak azalduko dira. Uretan luzeago edukiz gero landarea han bertan sortuko da. Udaberriaren hasieran lurrean landatu”. Aldamenekoak ez duen landare berriren bat gure baratzean izateak goitik beherako zeharbegirada eta ezpain ertzeko barre ttikia sortzen dizkigu, oraindik. Ikusi ere ezin dutenak ere badira; beti izan dira betikoa soilik onartzen dutenak, eta kanpotik datorrena, hori, kanpokoa da. Hor ere badaukagu aberrizalekeria chauvinista dosi galanta, landare xenofobia.

Bada, Euskal Herrian itsasoaren eragina nabarmen iristen den lurraldea ezin hobea da ahuakateondoa lantzeko. Dagoeneko batean eta bestean ahuakatediak landatu dira eta etorkizun oparoa izango duten traza hartzen diot. Etxean ere lehen aleak aurten izango ditugu.

Gurean giroak laguntzen duen era berean bera lantzen duten beste lurralde askotan kirioak dantzan dituztela dabiltza klima aldaketa santu honekin. Ahuakateak ur asko behar du eta tenperatura altuegiak alearen ziklo osoan du eragina: estresa sortzen du landarean, arbola kaltetu egiten da, polinizazioa zapuztu, ernaldutako aletxoak erori eta abar. Hemendik urte gutxi batzuetara bertoko informazioa izango dugu eta orduan erabaki ahal izango da ahuakateondoak merezi duen ala ez. Eta, agian, xenofoboak gorabehera, mahatsondoak kendu eta ahuakateondoak jarriko dira; edo mangondoak (Mangifera indica) edo papaiak (Carica papaya) edo…