Abuztuaren 28an AHT egitasmoaren aurka mobilizatzera deitu du Mugitu! elkarteak. Donostiako Bulebarreko kioskotik goizeko 11etan abiatu eta Miramar jauregiraino egingo dute protesta martxa, hantxe bilduko baita Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua.
Euskal Y-a zulo beltz bihurtu dela salatu nahi dute, “aurrekontuak, natur ondareak eta jendartearen premiak asetzeko ezinbestekoak diren baliabideak amaigabe irensten dituena”. Mugitu!-ren esanetan, Eusko Jaurlaritzak 600 milioi euro bideratuko ditu AHTren obretarako 2016an.
Abiadura handiko trenari eskainitakoa ez ezik, oporretatik bueltan beste trenbide-azpiegitura batzuk “berehala inposatzeko asmoa” gaitzetsi dute martxaren deitzaileek. Hain zuzen, Lezo-Gaintxurizketako Plataforma Logistikoa eta Kontxaren azpitik metroa eraikitzeko egitasmoa aipatu dituzte.
Hala, AHT eta tankera bertsuko proiektu txikitzaileak geldiarazi eta oinarrizko beharrizan sozialei lehentasuna emateko eskatuko diote Jaurlaritzari.
“Agintari politikoen eta sare enpresarial nahiz finantzarien arteko fusioak tenperatura izugarria hartu du, eta Jaurlaritzak proiektu horiekin daraman abiadura ikusita, bistakoa da herritarren arteko edonolako eztabaidari eta erabakietan parte-hartze publikoari ateak itxi nahi dizkiela”, gaineratu du Mugitu!-k.