argia.eus
INPRIMATU
AHTren obretan bi langilek izandako istripuaren berri ez dela eman salatu du EH Bilduk
  • Donostiako Martutene auzoaren eta Astigarragaren arteko zubia eraisten ari direnean bi langile nola erortzen diren erakusten du EH Bilduko legebiltzarkide Unai Fernandez de Betoñok zabaldu duen bideoak. Maiatzaren 22an AHTren obretan gertatutako istripua ezkutatu nahi izan dutela salatu du alderdiak.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 25a

Langileak ez dira larri zauritu, baina lanen arduradun ETS Euskal Trenbide Sareak oraindik ez du gaiari buruzko informazio ofizialik zabaldu. Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez ere, ez du gertatutakoaren berri jaso.

“Obretako gorabehera guztiak nahita ezkutatzeko erabakia” leporatu eta hainbat galdera egin dizkio EH Bilduk Iñaki Arriola Garraio sailburuari, Eusko Legebiltzarrean.

Alderdiak nabarmendu du Construcciones Mariezcurrena enpresako langileak direla zaurituak eta enpresa hori inplikatuta dagoela baita ere Donostiako metroan izandako “kudeaketa txarrean”.