Atxondo eta Elorrio arteko abiadura handiko trenaren zatiko obrak hasi direla baieztatu du Atxondoko AHTrik Ez! plataformak. Beren arabera, hango bizilagunak jadanik hasi dira kalteak nozitzen, kamioien joan-etorriek sorturiko lokatza eta hautsa dela eta. Herritarrek mobilizazioei ekin diete.
Plataformatik adierazi dutenez, AHTren obrak hasiko zirela zurrumurrua zabaldu bezain pronto elkartu eta erantzuna emateko prestatzen hasi ziren Atxondon. Baieztatu ahal izan dutenez, obretarako materiala pilatzen hasi dira jadanik, horretarako kamioiek herri bideak erabiltzen dituzte eta auzkokideak haien zarata eta hautsa ari dira jasaten.
Ez da nolanahiko lur mugimendua izango, tren lasterra egiteko betelanek 10.000 metro koadro lur hartuko luke plataformaren arabera, hau da, hamar futbol zelai adina. Atxondo alderik alde gurutzatuko duen 1.754 metroko zubibidea aurreikusten du proiektuak, besteak beste, metro askoko lodierako zutabeekin: "Zutabe horiekin guztiekin pareta efektua egingo luke bistara eta kalte ekologiko ugari eragingo lituzkete inguruan", diote.
Mobilizazioekin hasiak dira jadanik. Hala, azaroaren 9an mendi martxa egin zuten AHTk kaltetuko dituen inguruetan barrena, eta informazio mahaiak ere jartzen hasiak dira elizateetako azoka eta bestelako tokietan.