argia.eus
INPRIMATU
AHTren moratoria eskatu dute Tolosa, Hernialde eta Anoetako alkateek
  • Tolosa, Hernialde eta Anoetako alkateek agerraldia egin dute Hernialden, AHTren obrek eragindako zuloa dela-eta, gertaeraren inguruko salaketa egiteko.

Jon Torner Zabala @jtorner 2014ko urriaren 24a
Pedro Maria Estanga, Igaro Balda eta Ibai Iriarte; Anoeta, Hernialde eta tolosako alkateak. (Argazkia: Tolosako Udala)

"Sarri esan dugu obra faraoniko honen inguruan informazio eza dagoela, eta azken gertaera honek frogatzen du Udalekiko zein lurjabe eta kaltetuekiko ADIF, ETS eta Eusko Jaurlaritzak erakutsi duten errespetu falta, gutxieneko informaziorik ere ez helaraztearekin", azaldu dute hiru udaletako alkateek. "Kezka izugarria agertzen dugu, zulo honek oraingoan soro batean izan baitu eragina baina edozein momentutan baserri bat irentsi dezakeelako. Honekin batera, salatu nahi dugu oraindik ez zaigula gertatu denaren inguruko azalpenik eman".

"Hainbatetan esan dugu obra hauek zentzurik ez dutela, hiru arrazoi nagusigatik: izugarrizko diru xauketa delako, ingurumenarekiko eraso handia delako, eta ez diolako herri honetako herritarren beharrei erantzuten. Hau denagatik, etorkizunagatik eta segurtasunagatik AHTren moratoria eskatzen dugu, gaiaren inguruan sakon eztabaidatu eta eta gizartearen benetako eztabaida bat eman bitartean".

"Ohiko" gertaera, Jaurlaritzaren hitzetan

AHTren obrek Hernialden eragin duten 15 metro inguruko diametroko zuloa, Tolosaldeko Ataria-ren bideoan ikus daitekeena, "ohikoa" dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Sailak. EH Bildu koalizioarentzat "oso larria" da gertatutakoa, langileen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duelako.

Jaurlaritzak azaldu du urriaren 7an gertatu zela lurjauzia, eta arazoa "momentutik bertatik" konpontzen hasi zirela, Maddi Ane Txoperenak Berria egunkarian jaso duen moduan. Gehitu du bestelako azpiegitura lanetan ere gertatu ohi direla antzekoak, eta langileei ez diela "inolako kalterik" eragin.

Anoetatik Hernialdera joango den tunela egiteko obrek eragin dute zuloa.

Informazio gehiago:

Zuloaren argazkiak, Tolosaldeko Atarian.