argia.eus
INPRIMATU
AHTren obrak ez dituzte gelditu, ezta koronabirusaren krisiagatik ere
  • Beharginek lanean jarraitu dute aste honetan euskal obra publiko erraldoian. Gehienak azpikontrataturiko enpresentzat ari diren kanpotarrak dira, eta euren herrira itzuli edo handik etortzeko zailtasunak dituzte pandemiak eragindako kontrol neurri zorrotzak direla-eta.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko martxoaren 18a
Hernani eta Astigarraga arteko AHTren obretan langileak elkarrekin ikus daitezke ARGIAri helarazitako irudi honetan.

Euskal Herriko komertzio gehienak eta enpresa nagusiak itxi badituzte ere, koronabirusaren krisiarengatik oraingoz ez dituzte herri honetako azpiegitura polemiko eta handienaren lanak geldiarazi. Astelehenetik asteazkenera lanean jardun dute AHT egiten ari diren beharginek.

ARGIAri lekuko batek azaldu dionez, Hernani eta Astigarraga arteko zatian, adibidez, mugimendu handia izan da asteazkena arte eta hondeamakinak martxan egon dira beti bezala lurra mugitzen. Zati hori duela gutxi esleitu dute berriz ere –hainbat familia etxerik gabe gelditzeko arriskuan utziz–eta Sacyr, Mariezkurrena eta Zubieder enpresek osaturiko aldi baterako elkartea ari da eramaten, gehienean azpikontratazioen bidez.

AHT egiteko azpikontrataturiko enpresa gehienek kanpotik etorritako jendea erabiltzen dute eta sindikatuek sarritan salatu izan dute haien prekarietatea eta baldintza kaskarrak –Zuloan liburuan erakutsi genuen gisan–. Furgonetan pilatuta egiten dituzte bidaia luzeak jatorriko herritik, AHTren obretan aste osoan aritzeko, eta gero buelta. Koronabirusaren krisiarekin mugak itxi eta kontrolak zorroztu dituztenez, haien egoera zaila izaten ari da, baldintza horietan debekatuta baitute zirkulatzea. Asko, ez atzera ez aurrera geratu dira, eta ARGIAk jakin duenez, eraikuntzako langile batzuek ezin izan dute euren sorterrira itzuli.

ELAtik baieztatu dute bai AHTn bai obra zibil gehienean, lanak ez direla eten, eta esperoan direla martxoaren 19ko zubiaren ondoren ea zer gertatzen den; baina itxura guztien arabera eraikuntzako aktibitateak jarraituko du. Aitzitik, langileak baldintza prekariotan ezin badituzte garraiatu, errentagarriak izateari utziko diote, eta enpresentzat arazo bihurtu liteke obren martxarako, iturri berak adierazi duenez. Obra horiek zeinen esplotazioaren bizkar egiten diren erakusten du egoera horrek.

Jarduerari "eustea" nahi du Tapiak

AHTren lanak 2023an amaituta izango direla hitz eman zuen Eusko Jaurlaritzak, baina otsailaren 23an Arantxa Tapia azpiegituretako sailburuak eta José Luis Ábalos Espainiako sustapen ministroak egin bileran, azkeneko honek ez zuen data horretan amaitzeko konpromisorik erakutsi.

Tapiak, bere aldetik, Radio Euskadin adierazi du koronabirusaren kutsaduratik babesteko gutxieneko ekipamendu batzuk industriara bideratzea negoziatzen ari dela Espainiako Goernuaren, “jarduerari eusteko helburuarekin”.