argia.eus
INPRIMATU
AHTren lanak eginen dituen enpresak “ekitaldi politikoak” finantzatu dizkio PPri
  • Espainiako Sustapen Ministerioak AZVI enpresari esleitu dio Alesbes eta Erriberri arteko AHTren lanen ardura. Sustrai Erakuntza Fundazioak salatu du PP alderdiari "ekitaldi politikoak eta foroak" finantzatu dizkiola.  

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko maiatzaren 09a

Sustrai Erakuntzak salatu berri du, Nafarroako Abiadura Handiko Trena, Alesbes eta Erriberri artekoa PPren ekitaldi politiko eta foroak finantzatu izan dituen enpresa bati esleitu diotela, AZVI izenekoari. 2002 eta 2011 urteen artean 858 mila euro bideratu zizkioten PPri Barcenasen paperetan ageri denaren arabera.

Ez da lehen aldia halako lanak egiten dituena Espainian AZVI enpresa horrek,  Andaluzian aritua delako batez ere. Kezkagarria iruditzen zaio Sustrai Erakuntzari esleipen berri hau. Espainiako Sustapen Ministerioak zuzenean esleitu dio enpresa horri AHTren lana egitea. 

29,5 milioi euroko kostua izanen du Erriberri eta Alesbes arteko zatiak, alegia, kilometro bakoitzeko hiru milioi euro.

Mozioak Sakanako udaletan eta martxa ibiltaria

Abiadura Handiko Trenik behar ez dela sinetsirik, lan horretan segitzen dute Sustrai Erakuntzan eta baita, Sakana Trenaren Alde plataforman ere. Gaur agerraldia eginen dute, 17:00etan Uharte Arakilgo tren geltokian,izan ere, Sakanako herri gehienetako udaletan mozioa onartu dute ohiko trena ontzearen alde. 

Larunbatean gainera Sakanan barrena martxa bat eginen dute Abiadura Handiko Trenak eremu horretan sortuko lukeena aztertu eta ibilbidea osatzeko. Lakuntza eta Altsasuren artean eginen dute. 9:00etan irtengo dira eta errepide zaharretik eginen dute ibilbidea. Altsasun emanen diote amaiera eguerdian eginen duten ekitaldia batean.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.