Al-TAV-oz eguna antolatu du larunbatean Nafarroako AHTren kontrako mugimenduak Iruñean, datorren larunbatean. Plazara! zentroan egun osoko jardunaldia izango da hitzaldiekin, abiadura handiko trenari buruzko hausnarketa sustatu eta "eztabaidagune bat sortzea" helburu.
"Urte askotako manipulazio eta gezurren ondoren, AHTren mitoa gainbehera erortzen ari da krisi global orokor baten testuinguruan", hala aurkeztu du AHT Gelditu! Nafarroa mugimenduak Al-TAV-oz eguneko egitaraua. "Gaur egun AHTa suntsiketa, xahutze, zorpetze, ustelkeria, klasismo, lan-esplotazio, ohiko trenaren eraiste eta elite ekonomikoentzako onuraren sinonimoa da".
Larunbatean AHTren kontrako eguna antolatu dute Iruñeko Plazara! zentro autogestionatuan eta hainbat hitzaldi entzun ahal izango da, goiz eta arratsalde, azpiegitura horren inguruan, 10:30etatik hasita. Nafarroako AHTren egoeraz, klima larrialdiaren testuinguruan "tren berdearen mitoa" desmuntatu beharraz, "hondamendi" ekonomikoaz, lan-esplotazioaz edo trenbide-sare konbentzionalari egiten zaion kalteaz azaldukohitz egingo dute, aditu, kazetari eta aktibistek. Tartean, bazkaritarako aukera ere izango da Katrakak-en, eta egunaren amaieran AHTren kontrako kalejira egingo dute hiriburuan barrena, Alde Zaharretik 19:00etan hasita.
"Jardunaldiaren helburua makroazpiegitura honen alderdiei buruzko eztabaidagune bat sortzea izango da, gure oposizioaren arrazoiak sendotzen lagunduko duelakoan", azaldu dute antolatzaileek. Entzun Julio Villanueva AHT Gelditu!-ko kidearekin jardunaldi horien inguruan izandako solasaldia Euskalerria Irratian: