argia.eus
INPRIMATU
AHTren hiriburuetarako sarbideak eta Bergarako lotunea aldi berean egitea nahi du Jaurlaritzak
  • 2017 amaieran garraio azpiegitura erraldoiaren zati horiek definituta eta esleituta edukitzea eskatuko diote Espainiako Gobernuari Tapia sailburuak eta hiriburuetako alkateek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko abenduaren 27a
AHTren obretan lan istripu ugari izan da. Irudian, Arrasaten 2012an langile bat hil zen tokia (Arg.: Goiena)

Abiadura handiko obrak iragarri dituzte EAJren menpe dauden administrazioek, AHTri oraindik geratzen zaizkion zatiak amaitzeko. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua eta Eneko Goia, Gorka Urtaran eta Juan Maria Aburto Donostia, Gasteiz eta Bilboko alkateak Euskal Y-az hitz egiteko bildu dira, Espainiako Sustapen ministro berriak, Iñigo de la Sernak, lan horien inguruan izandako jarrera aldaketaren ondoren.

De la Sernak kontratu berriak esleitzeko konpromisoa hartu du, eta arrazoi ekonomikoengatik orain arte geldirik zeuden zenbait zati eta proiekturi ekiteko atea zabaldu du. Hala, Azpiegituretarako sailburuak eta alkateak ministroarekin bildu nahi dute, hiriburuetako sarbideak 2017a baino lehen “definituta” gera daitezen.

Eusko Jaurlaritzak aspaldi jo du ezinezkotzat hitz emanda bezala AHT 2019an amaitzea, baina galdutako denboraren zati bat berreskuratu nahi du egoera berria baliatuta, eta eskatu du Bergarako lotunea eta hiriburuetako sarbideen lan erritmoak “parekatzea”. Horretarako egitasmoa “ahalik eta azkarren” lotu nahi dute Espainiako Gobernuarekin.

Gain-kostua eta presa: bi osagai lan baldintzak kaskartzeko

AHTren lanek egun 263 milioi euroko gain-kostua dute (Eldiarionorte.es-ek egindako kalkuluaren arabera) eta guztira 1.800 milioi eurotik gora gastatzea dago aurreikusita. Bergarako lotuneko zatietan enpresek oso beherantz jo zuten esleipenerako lehiaketan aurkezturiko aurrekontua, baina gero “arrazoi teknikoak” medio kostua asko igo zuten, ondorioz Espainiako Gobernuak gelditu egin zituen obrak. Orain, berriz ere martxan jarriko ditu beste kontratu baten bidez.

Obretako kostuetan gorabehera handiak eta lanak amaitzeko presa; AHTren lanei eragingo dien osagai garrantzitsuak bihurtu dira biak. ELA sindikatuak behin baina gehiagotan salatu izan du auzitegietan trenbidea egiten ari diren langileek jasaten dituzten lan baldintza eskasak, erritmo “esajeratu” eta gehiegizko lan-orduekin, kasu askotan egunean 12 ordutik gorakoak. AHTko obretan gutxienez zazpi lagun hil dira lan-istripuz.