argia.eus
INPRIMATU
AHTaren gaia kanpainara ateratzeko deia egin die Sustrai Erakuntzak alderdiei
  • Abiadura Handiko Trenaren gaia jorratzea funtsezkoa da elkartearentzat, herritarrentzat giltzarri baita jakitea zein tren zerbitzu izango duten Nafarroan etorkizunean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko maiatzaren 14a
Iruñean tren sozialaren alde egindko manifestazio bat.

AHTaren aurka eta tren sozialaren alde egiten duten elkarte eta taldeek, halaber, datorren larunbatean, hilaren 18an, 12:00etan Gasteizko San Anton plazan izango den manifestaziora joateko dei egin dute.

Sustrai erakuntzak jakinarazi du duela gutxi Europako Legebiltzarrean egon direla eta Europar Batasuneko Garraio Batzordeak bi gauza behintzat oso argi adierazi ziela: batetik, espainiar zein euskal agintariek diotenaren kontra, Euskal Herrian AHTk bakarrik bidaiariak eramango dituela; bi, EBk murriztu egingo dituela orain arte Espainiako Estatuari emandako diru-laguntzak.

Errentagarritasun sozialik ez

Hori kontuan izanda, Sustrai Erakuntzak ez du ulertzen nola jarraitzen den egiten Nafarroarako AHT, eta are gutxiago bertako alderdi batzuen adostasunarekin: “Hori eginez, segitzen dute tematuta AHTren lanak suposatzen duten xahubide ekonomikoarekin. Ez dago inongo txosten edo azterketarik ezagutzeko holako gastuaren eragina kontu publikoetan. Eta hori gutxi balitz, ingurumena eta lurraldea larriki kaltetzen dute, inongo errentagarritasun sozial, ingurumenezko edo ekonomikorik erakutsi gabe”.

Elkartetik salatzen dutenez, “AHT eraikitzeak, besteak beste, Altsasu, Tafalla, Erriberri eta Castejongo geltokiak desagerraraziko ditu. Zentzugabekeria honen aurrean, egungo trenari eustea eta hobetzea proposatzen dugu. Tren soziala behar dugu herriak, hiriak eta industriaguneak lotzeko; merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko; lurraldea trinkotzeko eskualdeak isolatu gabe; inor ez baztertzeko ekonomikoki, jendearen eskura jarriz”.

Tren bidaiarien %6k bakarrik erabiltzen du AHT

Gasteizko manifestaziora deitzen duten taldeek aldizkaria atera berri dute AHT proiektuari buruzko eta bertan aipatzen denez, 2018an 2.700 milioi euro inbertitu ziren Espainiako Estatuan eta betiko sareetan 848 milioi euro. Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren arabera, ordea, abiadura handiak 29,9 milioi bidaiari izan zituen urte berean eta 477,1 milioi bestelako trenen. Bestela esanda, tren lasterrera hiru aldiz baliabide gehiago bideratzen badira ere, tren bidaiarien %6k bakarrik erabiltzen du berau.