argia.eus
INPRIMATU
AHTren Ezkio-Itsasoko loturak “arazoak” dituela dio Espainiako Gobernuak eta Gasteizkoaren alde egin du
  • Oscar Puente Espainiako Garraio ministroaren esanetan, Nafarroarekin lotura egiteko aukerarik "onargarriena" Gasteizkoa da, Ezkio-Itsasoko ibilbideak "konplexutasun teknikoak" dituelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko uztailaren 19a
Oscar Puente Espainiako Gobernuaren Garraio ministroa, Nafarroako presidete MarĂ­a Chiviterekin egindako bileran. Nafarroako Gobernua

Jakina zen Espainiako Gobernuaren eta Adifen jarrera, baina orain Espainiako Garraio ministro Oscar Puentek baieztatu egin du, ostegunean Nafarroara egindako bisitan: Abiadura Handiko Trenak Iruñetik Gasteizerako bidea egitea hobetsi dute, Sakanan barrena.

María Chivite Nafarroako presidente eta alderdikidea ondoan duela egin ditu adierazpenok Puentek: "Argi esanda, Ezkioko aukerak arazoak dakartza", esan du. Ministroak onartu du arazo "teknikoak" direla, zundaketak egiteko baimenak lortzeko zailtasunak dituztelako udal eta norabanakoen aldetik. Baina gainera, bere esanetan, ibilbide horrek "konplexutasun teknikoak eta denborazkoak" ere baditu: "Ezin dugu ezkutatu Gasteizko aukera dela, paper gainean, onargarriena".

Espainiako Gobernuak Euskal Y deiturikoa Nafarroarekin lotzeko trazatua nondik egitea erabakiko ote duen zalantzan izan da azken urteetan.

Alde batetik, Altzaniako korridore ekologikoan barrena Iruñea eta Ezkio-Itsaso lotuko lituzkeena dago. Ibilbide honek 55 kilometro izango lituzke, tartean Aralar eta Aizkorri inguruak zulatuko lituzkeen 21 kilometroko tunelarekin, eta 2.000 milioi euroko kostua izango luke. Bestetik Iruñea eta Gasteiz Sakanatik lotzen dituen ibilbidearen aukera dago, kasu honetan zubibide ugari ditu baina tunel gutxiago –5,7 kilometro denera– eta askoz merkeagoa litzateke: 700 milioi euro inguru.

Aukera hoberena, hirugarrena?

Alderdi politiko, gobernu eta diputazioek postura ezberdinak hartu izan dituzte aukera baten zein bestearen aurrean, horretarako emandako arrazoiak Europarekiko "konexioa" edo Bilbo-Iruñea arteko bidaia denborak izan dira, besteak beste.

Puenteren hitzen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Irune Lasak berretsi du Ezkio-Itsasoko lotunearen aldeko euren jarrera, "herri apustu bat" delako. Ezkio-Itsasoko AHTren geltokia egina dago jadanik, jakin gabe horretarako erabiliko ote den.

2024ko ekainean ziren amaitzekoak zundaketak –Puenteren hitzek iradokitzen dute oraindik lan horietan dabiltzala– eta horren ostean jakinaraziko du Espainiako Gobernuak ofizialki zein den bere azken erabakia.

Nolanahi ere, AHTren kontrako eta tren sozialaren aldeko eragileek eta talde ekologistek ez dute ez aukera bat ez bestea ongi ikusten, eragingo lituzketen kalteengatik, eta hirugarren aukera merke eta errazagoa proposatu dute: oraingo trenbidearen hirugarren erraila jartzea konexio hori lortzeko.