argia.eus
INPRIMATU
AHTren Bilboko eta Gasteizko lanen protokoloak ez ditu amaiera data eta finantzaketa zehazten
  • Asteazkenean sinatu zuten idatzizko protokoloa Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko eta Bilboko udalek, eta Araba eta Bizkaiko foru aldundiek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko otsailaren 10
Iñaki Arriola Garraio sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, Raquel Sánchez Espainiako Garraio ministroa, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuko EAEko ordezkaria (argazkia: Irekia)

Abiadura Handiko Trena Gasteizen eta Bilbon lur azpitik sartzeko lanen protokoloaren arabera Arabako hiriburuan trenak 3,6 kilometroko ibilbidea egingo luke lur azpitik eta geltoki berria ere lurpean joango litzateke Dato kalean. Bilbon, berriz, Abandon egingo dute lur azpiko geltoki berria, baina hori eraiki bitartean Basaurin behin-behineko geltokia egingo dute, testuak jasotzen duenez.

Sinaturiko dokumentua “aurrerapauso” eta “mugarri” gisa hartu dute erakundeetako ordezkariek Gasteizen egindako ekitaldian, nahiz eta erabaki hori aspaldi zegoen iragarria, 2021eko azaroan kudeaketa-mandatuak Madrilen negoziatu zituztenetik.

Protokoloak zehazten ditu Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek beregain hartu beharreko mandatuak eta Adif sozietateak egingo dituen lanak, baina ez ditu finantziazioaren inguruko xehetasunak ematen. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak protokoloaren sinadura ekitaldian azaldu duenez, horretarako elkarte bat sortua dute jadanik erakunde guztiek: Espainiako Gobernuak kostuaren %50 jarriko luke, Eusko Jaurlaritzak %25 eta tokiko erakundeek beste %25.

Trena Bilbo eta Gasteizen lur azpitik sartzeak bakarrik 1.600 milioi euroko aurrekontua dauka –AHTren obretan 2024ra arte gutxienez 5.304 milioi euro gastatuko dira, Espainiako Estatuko aurrekontuetan onartutakoaren arabera–. Nolanahi ere, trenbidearen lanak garestitu egin dira orain arte, AHTren kontrako taldeen arabera bikoiztu egin da kostua, orotara 10.000 milioi euro izango direla kalkulatzen da.

2019, 2023, 2027...

Gasteiz eta Bilboko sarreren lanak noiz bukatuko diren ere ez du jasotzen dokumentuak. Raquel Sánchez Espainiako Garraio ministroak Ser irratian aitortu duenez, 2027 urtea baino geroago izango da hori. Ministroaren arabera, urte horretan jarriko dira martxan trenbidearen beste zatiak, baina hiriburuetako sarrerak oraindik ez.

Euskal “Y”-aren proiektua 1989an idatzi eta obrak 2006an hasi ziren. Ordutik, azpiegitura estreinatzeko datak atzeratuz joan dira agintariak: Ana Pastor espainiar ministroak 2019rako lanak amaitutzat eman zituen, eta azkeneko data 2023an jarri zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako ekonomia sailburuak. Oraindik Bizkaia eta Arabako zati ugari gelditzen dira lizitatu gabe, tartean 18 kilometroko tunel sarea izan behar lukeen Bergarako lotune handia, edo Gasteiztik Burgoserako ibilbidea.