Iñigo Urkullu lehendakariak egindako bisita baliatuz, Añanako zenbait kontzeju eta AHTrik Ez Lautada Plataforma bildu ziren atzo Ribabellosan (Araba), AHTren proiektuaren aurkako elkarretaratze zaratatsu batean. Ez zen tentsiorik egon, baina Ertzaintza kontzentratutakoen eta ordezkari instituzionalen artean jarri zen une batean.
Bi eskualdeetako bizilagunek euren ezinegona adierazi dute Euskal Y lotuko dituen Burgos-Gasteiz eta Iruñea-Gasteiz linien aurrean. Era berean, alternatibak daudela adierazi dute, batez ere, herriak eta hiriburuak lotuko dituen tren eredu bat sustatu nahi dutelako.
Urkulluren bisitak Gernikako Arbolaren kimu bat landatzea zuen helburu, baina kimua desagertu zenez, ekitaldi instituzionala atzeratu behar izan zen, Erandiotik beste bat ekarri arte. Lehendakariak bere haserrea erakutsi zuen Facebooken argitaratutako ohar baten bidez; kontzentratuei ‘intoleranteak’ deitzeaz gain, bere ustez, AHTren kontra manifestatzeko modu bakarra alegazioak aurkeztea da, eta inola ere ez ordezkari politikoen aurrean biltzea.
Kontzentrazioaren ostean, Añanako bizilagunek asanblada bat burutu zuten. Lehenik eta behin, kontzejuek aurkeztutako alegazioen inguruan hitz egin zuten. Geroago, ikuspegi ezberdinak islatu arren, Añanan AHTren aurkako plataforma eratzeko erabakia adostu zen. Plataformaren barruan hainbat lantalde egongo dira, eta bere helburua AHTren aurkako borroka gizarteratzea izango da.
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.