argia.eus
INPRIMATU
“AHTren aurkako mugimendua kikiltzeko egin diren astakerien beste adibide bat da zigor eskaera”
  • AHTren aurkako protestarengatik auzipetutako bederatzi lagunen artean den Xabi Jimenezekin solastatu gara protesta ekimenaz, prozesu judizialaz eta tren lasterraren aurkako borrokaren egungo egoeraz.

Axier Lopez @axierL 2015eko urriaren 02a

Zergatik aukeratu zenuten Barakaldoko Megapark ekimena egiteko?

Azpiegitura handien aurka, egungo eredu sozioekonomiko desarrollista eta kontsumista salatzeko ekimena izan zen. Horretarako, tokia espresuki aukeratu genuen: Barakaldoko Megapark merkataritza-gune handia. Leku horrek ordezkatzen du kontsumo mota oso jakin bat: inguruko denda txikien kalterako eraiki zen, autoa behar duzu hara joateko, merkataritza-gunea eraikitzeko balio handia zuen gune naturala suntsitu zuten... Horrez gain, Super Sur autobidea eta Abiadura Handiko Trena ere hortik pasatzeko diseinatuta dago. Egungo eredu sozioekonomikoak eskaintzen duena erakusteko leku esanguratsua da.

Eguna ere ez zen kasualitatea izan. Gabonak aukeratu genituen egun kontsumismoarekin lotutako garaia delako. Jendearen arreta geureganatzeko ekimenaren lekua eta garaia horren arabera aukeratu genituen.

Nolakoa izan zen ekimena?

Zortzi lagunek moztu genuen errepidea, bikoteka, lau bidoitan besoak sartuta. Gure asmoa ez zenez trafikoa moztea, pasabide bat libre utzi genuen trafikoa moteltzeko. Hiru ordu luzez izan ginen errepidean ertzainez inguratuta, suhiltzaileen zain, trafikoa bideratzen zuten bitartean. Brigada mugikorreko ertzainen jarrera izan zen gogorrena. Mehatxuak eta kolperen bat jaso genituen. "Ez bazarete mugitzen besoa apurtuko dizuegu, zuek ikusi geuri berdin digu-eta" esaten ziguten ohika gaztelaniaz. Euria gogor ari zuela, suhiltzaileak etorri zirenean ertzainek esan zieten: "hauei ezer ez, manta termikorik ez". Pentsa! Atxilotu eta komisaldegira eraman gintuztenean, nik lasaitu ederra hartu nuen.  Prozesu guztiak luze jo bazuen ere –ia 24 ordu–, komisaldegi eta epaitegian zuzena izan zen tratua.

Sei urteren ostean etorri da epaiketa. Prozesu luzea, ezta?

Bai, oso luzea izan da prozesua. Sei urtez baldintzapeko askatasunean bizi izan gara, hilero- hilero epaitegian sinatu behar izan dugu eta une oro aurkitzeko moduan. Barakaldoko epaitegiak eraman du prozesua eta, egia esan, desastre hutsa izan da. Adibidez, epaiketako jakinarazpenak jasotzeko pertsonalki joan behar izan dugu epaitegira, beraiek ez digutelako ezta gutun bat bera ere bidali. Horietako jakinarazpenen bat ez jasotzea Ertzaintzak bilatu eta harrapatzeko agindua emateko aitzakia izan zitekeen. Astuna egin da.

Fiskalak, Ertzaintzaren txostenean oinarrituta, hiru urte eta erdiko zigorra eskatzen dizue.

Megaparkek ez du akusazioan parte hartu. Fiskalak, aldiz, bi delitu egozten dizkigu: desordena publikoa –2 urteko zigor eskaera– eta trafiko segurtasunaren aurkako delitua –urtebete eta erdi–.  Horren aurrean gure defentsa izango da desordena publikoen delituaren ezaugarrien barruan dagoela bide publikoak moztea. Trafiko segurtasunaren delituak ez luke zentzurik izango, eta beraz, zigorrik izatekotan, bi urtetik beherakoa izango litzatekeenez kartzelan sartzea saihestuko genuke.

Gure ekimena egin eta bi astera Txingudiko merkataritza-gunean ere antzeko protesta ekimena egin zen. Kasu horretan errege magoez mozorrotuta egin zuten. Orain pare bat urte epaitu zituzten eta denak libre geratu ziren. Beraz, aurrekariak ikusita ere, gure aurka eskatzen duten zigorra demasekoa dela iruditzen zaigu.

Zuen kasua ez da bakarra izan, ezta?

AHTren aurkako mugimenduaren kontra egin diren astokeria judizialen artean beste adibide bat da gurea. Tartalarien kasua da adibide ezagunenetakoa, baina badira beste asko. Adibidez, Itsasondoko obretan egindako ekimena. AHTren tunel batean hainbat ekintzaile kateatu ziren eta bi egunez obrak geldiarazi behar izan zituzten. Obrak gelditu izanaren kalte-ordain ekonomikoak beren gain hartzea eskatzen die fiskalak. Dirutza izugarria.

Bestetik, jakina da ertzainei agindu zietela AHTrekin lotutako edozein kontu Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzeko. Auzitegi Nazionalak ez ditu kasu hauek bere gain hartu, baina asmoa garbia zen.

EAEko gobernuak AHTren obrak azkartzeko apustu argia egin du, Nafarroan obrak geldi daude baina gobernu berrian iritzi kontrajarriak daude, eta Frantziako Gobernuak Akitaniako zatiari onarpena eman dio…

Krisialdiarekin bat obrak moteldu edo bertan behera geratu ziren hainbat lekutan, baina orain berriz mugitzen hasi direla dirudi, krisiaren aurreko betiko logikari jarraiki. Ikuspegi ekonomikotik egindako ekarpen kritikoak ugariak izan badira ere, ez diete kasurik egin. Berbarako, hor dugu David Hoyos ekonomia irakasleak Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuen txostena. AHT sozialki errentagarria ez dela izango azaldu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ez dute erantzun ere egin. Beraiek oso ondo dakite kontuak ez zaizkiela ateratzen, baina AHTrekin oso temati daude. Eraikuntza enpresekin duten lotura eta morrontza agerikoa da, baita Euskal Herrian ere.

Eta lubakiaren bestaldea? Nola ikusten duzu mugimendua?

Lehen AHTren aurkako borrokak askoz presentzia handiagoa zuen kalean. Hori argi dago. Dena dela, gure ustez jendearengan azpiegitura handiekiko kezka txertatzea lortu da. Egin den eta egiten ari den kontzientziazio lanari esker lehen ez zegoen ikuspegi kritikoa zabaltzea lortu da.