argia.eus
INPRIMATU
AHTren aurkako bizikleta martxa: pedalei eraginez ama lurra defendatu
  • Larunbatean abiatuko da AHTren aurkako hirugarren Bizikleta Martxa desobeditzailea Castejondik. Mugitu! Mugimenduak antolatuta, zortzi egunez Nafarroa eta Arabako lurrak zeharkatuko dituzte pedalei eraginez.

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 23a
\"Lurraren alde bizi-bizi\" lemapean, Nafarroa eta Arabako lurrak zeharkatuko ditu bizikleta martxak (argazkia: Mugitu!)

Amalurraren aldeko eta jendarte ereduaren eraldaketarako borroka anitzak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, baita esperientziak trukatzeko ere. Hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, eztabaidak, antzezlanak, kontzertuak eta protesta ekintzak, denetik izango dela adierazi dute antolatzaileek.

"Lurraren alde bizi-bizi" lemapean, Nafarroako Erriberara, Tafallara, Iruñerrira, Ollaranera, Sakanara, Arabako lautadara eta Zigoitiara hurbilduko da bizikleta martxa, abuztuaren 1ean Gasteizen amaitzeko. Bide horretan, “AHTren zentzugabekeriazko egitasmoaren salaketa egin”, eta lurrari erasotzen dioten beste hainbat proiektu ere ezbaian jarriko dituzte, hala nola, fracking-a, erraustegiak edota autopista elektrikoak.

Mugitu! kolektiboak salatu du AHTren mitoa erortzen ari dela eta “erokeria” geldiarazteko unea dela: “Porrot egin du proiektu honek, milioiak xahutzen ditu eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko lirateken partidak murriztu beharra dakar, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan”.

- Txirrindula martxaren egitaraua eta zehaztapen guztiak.

 
Bizikleta gainean, hirugarren urtez 

2013ko udan egin zuten AHTren aurkako lehen bizikleta martxa. Kasu hartan, Altsasun hasi eta Donostian amaitu zen itzulia, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako hainbat herri zeharkatu ostean.

Bigarren txirrindula martxa, berriz, Bizkaiko lurretatik igaro zen iaz. Durangotik atera eta Bilbon bukatu zuten protesta, erdigunean trafikoa mozteko ekintzarekin. Bi edizio horietan jende askok hartu zuen parte ekimenean; herriz-herri AHTren aurkako aldarria zabaldu zuten modu ikusgarri eta osasuntsuan.