Nafarroako AHT Gelditu plataformak antolatu du eta uztailaren 28tik 30era arte iraungo du. Atxondora heltzean, hiru eguneko akanpada egingo dute.
Bizikletaz etapaz etapako ibilbidea antolatu du AHT Gelditu plataformak. Uztailaren 28an, asteazkenean, hasiko da Iruñetik eta Atxondon bukatuko da uztailaren 30ean. Bertan, hiru eguneko akanpada egingo da, abuztuaren 1era arte. Ekimenaren helburua Abiadura Handiko Trenaren obrak gelditzeko eskatzea da.
Antolatzaileek salatu dute 15 urteko lanaren ondoren, EAEn AHTrako behar den inbertsioaren %58 falta dela egiteko. Nafarroan, hamar urte eta gero, inbertsio osoaren %96 falta baita trenbidea martxan jarri ahal izateko. Plataformak salatu du finantzaketa hori lortzeko funts publikoak erabiliko dituela Nafarroako Gobernuak, pandemiaren osteko egoerari aurre egiteko Europatik jasotzen dituen laguntzak, hain zuzen.
Biztanleriaren sektore handien pobretzea gertatzen ari den bitartean, gizarte-gaietan murrizketak egin direla esan dute elkartetik, eta egoera horrelakoa izanik, dirua obretarako erabiltzea onartezina dela. AHT dagoeneko eraikita dagoen azpiegitura dela eta atzera egiterik ez dagoela “inposatzen” ari direla salatu dute, baina, errealitatea bestelakoa dela diote haiek: eraikuntza gelditu egin daiteke, eta horretarako jarri dute abian ekimena.
Uztailaren 28an, goizeko 9:30ean abiatuko da martxa Iruñeko Diputaziotik. Hasiera ekitaldia bukatu eta gero, Irurtzun zeharkatu eta Etxarri Aranatzera helduko dira parte-hartzaileak.
Bigarren egunean, Altsasu eta Agurain igaroko dituzte eta Eturan bukatuko dute bidea.
Hirugarren egunean, Arrasate eta Elorrio zeharkatu eta Atxondora helduko dira. Ongi-etorri ekitaldiaren ondoren, hiru eguneko akanpada hasiko dute.
Gauetan ekitaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Bazkaria eta afariak ere bertan egingo dira, eta horretarako txartelak hartu beharko dira. Bizikleta eta kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da, joateko ibilbidea osatzeko; bueltan, ibilgailuetan itzuliko dira Iruñera.
AHTrik ez akanpadaren webgunean eman daiteke izena. Informazio gehiago lortzeko, plataformaren gunea kontsultatu daiteke.