30 pertsona inguru bildu dira asteartean Tuterako epaitegiaren aurrean AHTren aurkako oposizioaren “kriminalizazioa” salatzeko. Herriko bizilagun bati Castejonen egindako protesta batean kalteak eragin izana leporatu dio Foruzaingoak, baina honek dio ez zela bertan egon.
Ainhoa Fernandezek Tuterako epaitegian deklaratu du asteartean. Mugitu Mugimenduak azaldu duenez, Fernandezek esan du “ez zuela protestan parte hartu” eta “ez duela zerikusirik leporatzen dizkioten ekintzekin”. Are gehiago, egun horretan Orion asteburua pasatzen zegoela adierazi du.
Martxoan Mugituk Castejongo Trenbide Museoan 30 minutuko okupazio sinbolikoa antolatu zuen, AHTak tren-linea eta zerbitzuak bertan behera utzi eta eskualde-geltokiak itxiaraziko dituela salatzeko xedearekin.
Mugituk adierazi du, protestak iraun zuen bitartean polizia ez zela hurbildu eta ez zela arazorik egon bertako langileekin edo bizilaguneekin. Ez zutela inolako kalte materialik eragin diote, “beraz ez da ulergarria Ainhoa Fernandezi egindako akusazioa”, salatu dute.