argia.eus
INPRIMATU
AHTrako zundaketak gelditzeko bizikleta martxak bidean dira
  • Abiadura Handiko Trena eraikitzeko zundaketa geologikoen baimen-eskaeren aurka, hainbat taldek bizikleta martxa antolatu dute Sakanan eta Goierrin. Zundaketek kaltetutako lurraldeak zeharkatuko ditu abuztuaren 25etik 27ra.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 25a

AHT Gelditu Nafarroa, AHTrik ez Lautada, Landarlan, Otsotarrak, Sakana Trenaren Alde eta Sustrai Fundazioak osatutako Stop AHT Zundaketak ekimenak AHT eraikitzeak dakarren inpaktua salatuko du martxaren bidez: "ingurumen-inpaktuak, herri eta lurretan izango duen eragina, xahutze ekonomikoa, ohiko trenaren desmantelamendua eta haren zerbitzuak hobetzeari uztea, eta horren ondorioz enpleguak galtzea". Esplorazio zundaketak “horren guztiaren hasiera” direla adierazi dute.

Bizikleta martxa zenbait herritatik igaroko da, zundaketak geldiaraztea eskatzeko. Abuztuaren 25ean hasi dira, Irurtzungo herriko plazan 10:00etan, Olaztira 20:30ean iristeko eta bertan Aguraindik 18:00etan abiatuko direnekin bat egingo du. Altsasun egingo den bilkura eta batzar informatiboa azpimarratu dute, 18:30ean Udaletxeko plazan elkartuko dira.

26ean, Olaztitik abiatuko da martxa 9:00etan. 10:00etan trenbide langile eta sindikatuekin bilduko dira, eta Zegama eta Seguratik jarraituko du martxak Idiazabalera iritsi arte. Ondoren, Beasainen elkarretaratzea egingo dute Erauskin plazan 13:00etan, eta 15:30etik aurrera Lazkaon batzar irekia antolatu dute AHTren aurkako borrokaren inguruan eztabaidatzeko. Eguna Ataunen amaituko dute, 19:00etan Auzoeta pilotalekura iristea aurreikusi dute.

Igandeko etapa Ataun eta Irurtzun artekoa izango da. 8:30ean abiatuko dira, eta Lizarrustitik Lakuntzara 11:00ak aldera iritsiko da. Uharte-Arakilen 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Seme-Alaben plazan, eta mobilizazioa amaituta, Irurtzunera abiatuko dira, eta han martxari emango diote amaiera.