argia.eus
INPRIMATU
AHTra bideratuta daude Hego Euskal Herrirako Espainiako aurrekontuen erdia baino gehiago
  • Madrilgo Gobernuko aurrekontu proiektuan 662,9 milioi euro Hego Euskal Herrirako gorde dituzte, horietatik 388,4 milioi AHTarentzat, alegia, erdia baino gehiago.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 15
Aurrekontuen erdia baino gehiago AHTra bideratuta daude. / Argazkia: AHTren eraikuntza lanak artxiboko irudi batean.

Unidas Podemosen eta PSOEren koalizio gobernuak 2022. urterako Espainiako aurrekontu orokorren proiektua zehaztu du. Hego Euskal Herrira 662,9 milioi euro bideratuko dituzte; Nafarroara 94,1 milioi,  Bizkaiara 182,8 milioi, Arabara 109,9 milioi eta Gipuzkoara 196,9 milioi.

Abiadura Handiko Trenak hartzen du aurrekontuen zatirik handiena: 388,4 milioi euro, erdia baino gehiago. Nafarroarako 52 milioi aurreikusi dituzte eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoarako 336,4 milioi gorde ditu Madrilek.

Azpiegiturak nagusi

Bestalde, Nafarroan aipatzekoa da 13,9 milioi euroko inbertsioak egingo dituela Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Demografia Desafiorako Ministerioak. Horietatik 10,8 milioi Esa urtegiaren kudeaketari lotuta daude eta beste 1,2 milioi, urtegia handitzeko lanei.

Jose Luis Arastik, Madrilgo Gobernuaren Nafarroako ordezkariak, adierazi du aurrekontu horiekin "gizarte osoak irabaziko" duela. Horrela zehaztu du: "(Aurrekontuek) Lagundu egingo dute denek aukera berdinak izateko baita estatuko gizarte eta lurralde kohesiorako ere”.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, hauek dira beste azpiegitura batzuetan erabiliko dituzten euroak: 46,54 milioi portuetan, 13,8 aireportuetan eta 18 milioi Zubietan egin nahi duten kartzelan. Beraz, diru gehien azpiegiturei bideratuta dago. Denis Itxaso PSOEren gobernuko EAEko ordezkariaren iritziz, "Ongizate estatua indartzen" lagunduko du aurrekontu proiektuak, eta "benetako beharrei" erantzuten die.