argia.eus
INPRIMATU
AHTra bideratuko du Eusko Jaurlaritzak Ingurumeneko aurrekontuaren erdia baino gehiago
  • Ingurumen eta Lurralde Antolakuntzarako sailak 2016rako aurkeztu duen aurrekontua 671,4 milioikoa izango da. Iaz baino 1,2 milioi gehiago. Ana Oregi sailburuak legebiltzar-batzordean aurkeztutako aurrekontuen %85 azpiegitura ugaritara bideratuko da. Zatirik handiena, 350 milioi euro, AHTk jasoko du.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 09a
Aurkeztutako aurrekontuaren %52,2a bideratuko du Ingurumen eta Lurralde Antolakuntzarako sailak AHTra.

Oregik aurkeztutako aurrekontuaren %52,2a bideratuko du Ingurumen eta Lurralde Antolakuntzarako sailak AHTren lanetara. Oregik gaineratu du Eusko Jaurlaritza egiten ari den Gipuzkoako AHTren zatiaren lanak martxan direla. Hauek Kupotik deskontatzen dira. Ingurumen sailaren aurrekontuaren %33 EAEko trenbide azpiegitura propioetara joango da. Euskotrenek, metroak eta tranbia sareak jasoko dute partida horren zatirik handiena: 116 milioi.

Martxan diren lanek ere 2016ko aurrekontuaren zati bat izango dute. Datorren urtean bukatzeko diren Bilboko Metroaren hirugarren lineako lanetara –Etxebarri-Matiko linea– 23 milioi bideratu dituzte. Bestalde, Gasteizerako mugikortasun ikerketa eta proiektuek 900.000 euroko aurrekontua izango dute. Horren barnean sartzen dira tranbiaren handitzea Salburua eta unibertsitateetara eta BRT autobusena. Oregik jakinarazi du, Donostiako metroko Herrera-Altza linea ere martxan jarriko dutela eta Donostiako pasantearen lanak abiatuko dituztela.

Portuek ere Ingurumen sailaren aurrekontuaren zati bat jasoko dute. 11,1 milioi aurreikusi dituzte Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen portuen mantentze eta berriztatze lanetarako.

40 milioi biziberritze proiektuetarako

Azkenik, aurrekontuaren %15 bideratuko dute biziberritze eta ingurumen kalitatearen hobekuntzarako proiektuetara. 36,5 milioi Urumea, Ibaizabal, Nerbioi Garaia, Zadorra eta Busturialdeako ingurumen eta ur kalitatea hobetzeko erabiliko dituzte, eta 3,1 milioi ekosistemen zaintzarako.

Pasaiako badiaren biziberritze proiektuak 4 milioiko aurrekontua izango du datorren urtean, eta konpromisoa 2017an 3 milioi jasotzeko eta milioi bat 2018an. Txingudi badiaren biziberritzeak eta Hendaia-Irun-Hondarribia bizikletentzako ibilbideak milioi erdi jasoko dute. 2016an Urdaibairen saneamendu lanak ere hasiko direla jakinarazi du Ingurumen sailburuak.