Langilea, makineria garraiatzen ari zela zulagailu batek harrapatu ostean hil zen atzo. Euskal Trenbide Sareak (ETS) jakinarazi duenez, Bergara eta Antzuola bitartean gertatu zen istripua 15:30ak aldera.
44 urteko gizonezkoa da, J.M.C; ETSk azpikontratatuta zeukan Cimentaciones Singulares enpresako langilea zen. ETSk ikerketa bat hasiko duela adierazi du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.
EH Bildu eta Mugitu AHTaren aurkako mugimenduak ezbeharra kritikatu dute. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ohar baten bidez elkartasuna adierazi die senitarteko, lagun zein lankideei. Argi utzi du, “lan osasunari lehentasuna emango dion eredu baten alde” egingo duela lan, “eta lan segurtasun eta osasunaren aurkako delituei aurre egiteko neurriak” bultzatuko dituela.
Bestetik Mugituren arabera, Eusko Jaurlaritza, AHTko lanetan izaten diren lan baldintza kaskarren eta esplotazioaren inguruan ez ikusiarena egiten ari da.
ELAk eraikuntzako lan hitzarmena urratzea leporatu dio ETSri. Beraien ustez, lan jardunaldiak “neurrigabeak eta legez kanpokoak” dira.
Guztira, AHTren obretan hiltzen den zazpigarren langilea da. Mugitu mugimenduak ostiralerako mobilizazioak deitu ditu. Martxa bat antolatu dute goizeko 11tan, Donostiako Boulebarretik Miramar jauregira, AHTren dirua gastu sozialentzat. Lurra da etorkizuna lelopean, bertan egingo baitu Eusko Jaurlaritzak urteko lehen gobernu kontseilua.