argia.eus
INPRIMATU
AHTko lanen hondakinetarako hamahiru zabortegi jarriko dituzte Nafarroako Orbaibarren
  • Lehendik iragarri gabeko hamahiru zabortegi jaso beharko dituzte euren lurretan. Haserre egin dute agerraldia Charo Guillén (Puiu), Berta Sánchez (Garinoain), Rita Roldán (Barasoain) eta Yolanda Obanos Muru Artederretako alkateek. Esandakoa baino lur kopuru handiago desjabetuko dietela ere salatu dute.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 26a
Iruñea eta Castejon arteko lanetan ari dira egun. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Urtarrilaren hasieran jaso dute udalek Espainiako Estatuan abiadura handiko eraikuntzaz arduratzen den Adif enpresa publikoaren jakinazpena: 122 hektarea desjabetuko zaizkie bost herriei haietan hamahiru zabortegi ezartzeko: zazpi hektarea Pueiun, 30 Garinoainen, 20 Barasoainen eta 65 bat Biurrun, Olkotz, Tirapu eta Muru Artederretan. Guztira, bere garaian jakinarazi zietenaren hirukoitza. Zabortegi horietara eramango dute Prestazio Handiko Trenaren lanetako lurra: 5,3 milioi metro kubikoetatik 3,5, eta gainerako 1,8ak Ezpartzako zabortegira.

Aipatu udalen esanetan, orain arte aurkeztutako ingurumen-inpaktuko azterketetan ez ziren zabortegi horiek aipatzen, baina alkateek adierazitakoaren arabera, eragina oso handia izango da. Lur hauek guztiak erein daitezkeenak dira. Horrelako obretan, ohikoan, inguruko lurretan zabortegiak sortzen dira, horrela merkeagoa ateratzen delako. Horrek ondorioak ditu bertako lur ereingarrietan.

Desjabetzeek ingurumen eragin handia izango dutela diote, besteak beste, herri horietako pertzepzioan eragina izango duelako, paisaian, historian, floran eta faunan. Laborantzaren ikuspegitik ere ondorioak izango dituela azpimarratu zuten asteazkenez egin duten agerraldian, eta nekazari batzuek agian beren lanbidea utzi beharko dutela, kendutako lurrak gabe haien proiektuak ez direlako errentagarriak. Horren ondorioz, jarduera ekonomikoa galtzen bada, jadanik altxor urria duten udalek ere gal ditzakete haientzat oso garrantzitsuak diren diru-sarrerak.

Lotarako herriak bihurtzeko arriskua

Salatu dute, halaber, euren herriek dagoeneko badutela beste azpiegitura batzuen eragin handia eta guztien artean haien izaera arriskuan jartzen dutela: autobidea, ferrokarrila, tentsio handiko lineak, eta orain tren lasterra.

Diotenez, instituzioetatik propaganda asko egiten da herrien despopulazioari buruz, baina orain salatzen dituzten neurri horien guztien ondorioz, herriak gero eta gehiago bihurtzen ari direla lotarako herriak. Euren ustez, bada ordua egoera horri aurre egiteko, baina horretarako ezinbestekoa da haien etorkizuna haiekin aurreikustea.

Agerraldi honetan ez zuten prestazio handiko trenaren proiektua baloratu, baina ibarreko herritar askok salatzen dutenez, herritarrek ez dute ezer irabaziko, Tafallako geltokia galdu egingo dutelako eta hori hartzen dutelako orain Madril edo Bartzelonara joateko. Leku horietara joateko Iruñera jo beharko dute gero.

Nafarroako Gobernuak adierazi die proiektua Adifek bideratzen duela eta gobernuak ez duela zeresanik haren jardueretan, ondorioz, Lurralde Kohesiorako Sailak ez duela ekimenik bideratuko Adifen aurrean herrien izenean.