argia.eus
INPRIMATU
AHTko 250 kilometro ordezkatzeko plana adostu dute trenaren aldeko plataformek eta sindikatuek
  • Nafarroako trenaren aldeko plataformak, Arabako Lautadako zein Arabako Haraneko trenaren aldeko plataformek eta  RENFE eta ADIFen ordezkaritza duten sindikatuek landu eta aurkeztu dute proposamena. Adostutakoa aplikatuko balitz, ez lirateke Euskal Herrian "AHTko 250 kilometro eraiki beharko".

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 14a
Argazkia: Navarrainformacion

Nafarroa, Araba eta Burgosen trenbide-garraioaren aldeko akordioa aurkeztu da. Akordioa Nafarroako trenaren aldeko plataformak, Arabako Lautadako zein Arabako Haraneko trenaren aldeko plataformek landu eta aurkeztu dute. Horrez gain, RENFE eta ADIFen ordezkaritza duten sindikatuekin batera elkarlanean aritu dira, “akordio tekniko" bat bilatu baitute.

Ohar batean adierazi dutenez, akordioan agertzen den proiektua teknikoki egingarria da eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren trenbide-politika berriarekin eta Europako trenbide-politikarekin bat etorriko litzateke. “Lotura arina eta eraginkorra bermatu ahal izango dugu, bai Atlantikoko ardatzarekin, bai Kantauri-Mediterraneoko korridorearekin baita Europako gainerako lurraldeekin ere.”

Orain arte lurraldean egitekoak ziren proiektuak baino epe laburragoa eskatzen duela eta inbertsio-kostu txikiagoa duela diote. “Akordioak dioena aplikatuko balitz Euskal Herrian ez ziren eraikiko AHTko 250 kilometro, hau da Burgos-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea eta Iruñea-Zaragoza AHTko proiektuak bertan behera gelditu beharko lirateke”.

Arabaren kasuan, egungo geltokiak eta geralekuak mantentzea da asmoa eta zerbitzuak, maiztasunak, prestazioa eta abiadura handituko liratekeela azpimarratu dute. Gainera, lanpostuak sortzea eta trenbide-sektorearen barruan okupazioa berreskuratzea ere ekarriko luke, “krisiak eta iraganeko trenbide-politikek gogor zigortutako jarduera profesionala biziberrituz”.

Salgaien garraioari ere zuzenean erantzungo lioke trenak, “Arabako ekoizpen-lantegiekin eta industrialde garrantzitsuenekin loturiko trenbide-sare eraginkorra eta lehiakorra ahalbidetzen baitute”.

Oro har, trenbide-korridoreak honakoa ahalbidetuko luke: trazadura salgaiak garraiatzeko nahiz mota guztietako bidaiariak (eskualdekoak, distantzia ertain zein luzekoak…) mugitzeko erabiltzea, isolatutako gunerik utzi gabe hiriak eta industrialdeak lotzea, ekonomia aldetik bideragarria eta iraunkorra den azpiegitura izatea eta lurraldea azpiegitura lehiakorraz hornitzea.

"Plangintza berri hau berehala gauzatzeko" eskaera

Horregatik, akordioa sinatu duten sindikatuek ondorengo eskaerak egin dizkiote Espainiako Gobernuari eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari:

1.  Miranda eta Altsasu arteko trenbidearen egungo trazaduren egokitzea eta hobetzea.

2.  Miranda-Altsasu korridorerako egungo trenbide-proiektuaren plangintza birbideratzea eta prestazio handiko trenak xede horretarako hobetutako eta egokitutako egungo korridoreetatik iristearen aldeko apustu garbia egitea.

3.  Plangintza berri hau berehala gauzatzea, estatuko eta Europako trenbide-saretik isolatuta gera ez dadin.

4.  Tren-zerbitzuak zabaltzearen aldeko apustu irmoa egitea, herriak, hiriak eta industrialdeak lotuz lurraldea egituratu ahal izateko eta tren bidezko salgaien garraioa handitzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari ekimena babes dezaten eskatu diote, haien esku dauden eta egokitzat jotzen dituzten kudeaketak eginez eskatutakoa bete dadin, probintziaren etorkizunari eta interesen defentsari arreta jarriz.