argia.eus
INPRIMATU
AHTk zauri sakona egin ez dezan
  • Oarsoaldeko AHT Gelditu plataformak antolatuta, mendi martxa informatiboa egin dute berrogeita hamar bat lagunek larunbatean, AHTk Astigarraga eta Lezo artean aurreikusia duen trazatuaren bidea eginda.

Oarsoaldeko Hitza Ikerne Zarate @zarateikerne 2021eko azaroaren 02a
Argazkia: Oarsoaldeko AHT Gelditu Plataforma

Oarsoaldeko AHT Gelditu plataformak antolatuta, mendi martxa informatiboa egin dute berrogeita hamar bat lagunek larunbatean, AHTk Astigarraga eta Lezo artean aurreikusia duen trazatuaren bidea eginda. Ibilbidean zehar, azpiegitura horrek eragingo dituen kalteen gainean hitz egin dute parte hartzaileek tokian tokiko bizilagunekin. Renferen geltokian bildu ziren Oarsoaldetik martxara batu zirenak, eta bertatik Martutenera joan ziren. Han hasi zuten martxa, Zapirain eta Elenategi Berri etxeetatik metro eskasera aurreikusia dagoen zubibidea eta tunelaren ahoak nola eragingo lukeen ikusteko. Donostiarako sarbidea egiteko eraitsi duten Erbetegi Etxea, balio historiko handikoa ere izan zuten hizpide. Gogor salatu dute AHT zein beste azpiegiturek Urumea ibaiaren bestaldean suposatuko duen triskantza: “Gipuzkoako nekazaritza eremu onenetarikoan AHTk eta beste azpiegitura handien pilaketak suntsiketa handia dakar, jada martxan den suntsiketa”.

Atondegi parajean egin zuten bigarren geldialdia. “Itsas Enara ornitologia elkarteko kide batek bertan eraiki asmo den olatu artifizialaren gaineko informazioa eman digu. Horrekin batera, ingurune horretan 27. poligonoarekiko loturak eta lur horiek urbanizatzeak dakarten kalte eta arriskuak aipatu ditugu, baita proiektuaren kontra egin diren eta egingo diren iniziatiben berri eman ere”, azaldu dute. Astigarragatik Errenteria-Oreretara jauzi, AHTk aurreikusia duen ibilbideari jarraituta, eta San Markos zabortegia inguratu zuten parte hartzaileek. Zati batzuetan, baserrietatik oso gertu pasako dela aurreikusia dagoen tunela salatu dute, baita inguru horietako baserritarrek zaila dutela informazioa lortzea.

 

 

 

Argazkia: Oarsoaldeko AHT Gelditu Plataforma

 

 

 

Bazkal ordua heldu zen gero, eta Yolanda Barcina Nafarroako Presidente izandakoari tarta aurpegira bota zion aktibistetako batek gertakari hura eta bestelakoak kontatu zizkien ibilbidean parte hartu zutenei.Oiartzunen, Mamut merkatalgunean egin zuten lehen geldialdia; bertan zubibide erraldoia dago aurreikusia proiektuan. Lezon beste hainbeste, AHTk txikituko lituzkeen lantegiak eta Gaintxurizketako baserri lurretan nekazaritza ekologikoa sustatzera bideratutako eremua garrantzitsuak ezagutu zituzten. Merkantzien Geltoki Intermodala —1,2 km luze eta 115 metroko zabal—, plataforma logistikoa, eta errepide sare berria egin asmo dituzte.

“21 kilometroko ibilbidean zehar proiektu faraoniko horrek ekar litzakeen kalteak, duen zentzu falta, eta islatzen duen garapenkeria eta diru gosea ezagutu ahal izan ditugu”, salatu dute. Alegazioei ere erreparatu diote AHTren kontrako kideek, gogora ekartzeko hamarka direla aurkeztutakoak, baina ez dutela erantzunik jaso: “Hala ere, onarpena jasotzea falta bazaio ere, ikerketak oso aurreratuak daude, eta zundaketa lanak egiten hasiak dira”.

Lurrari eragingo lizkiokeen atzera bueltarik ez duten kalteez gain, kalte ekonomikoak ere izan zituzten hizpide mendi martxa horretan, “itzela da inpaktu ekonomikoa, 4576 milioiko aurrekontua du, 50 milioiko kostua kilometroko, Madrilen negoziatzen ari diren aurrekontuetan EAEra bideratuko denaren %58a AHTra bideratzeak ondo azaltzen du gehiegikeria honek egiazko beharrak nola estaltzen dituen. Gaur ezagututako hainbat azpiproiektu Netxt generation laguntzez ordaindu nahi izatea enegarren iseka da hezkuntza, osasun eta justizia sozial behar handiagoa dugunean”.

Informatzen, prestatzen eta planto egiten jarraitzera deitu dute azkenik, “AHTren kontra bizirik den borroka lagunduz, oraindik geldi dezakegun AHT iraganeko amesgaiztoa bakarrik izan dadin”.