Lezetxikiko haitzuloan Abiadura Handiko Trenak egindako kalteak salatu eta ondare kultural eta naturala babesteko eskatu diete erakundeei Arrasaten igandean elkarretaratutako herritarrek: "Gure herriko ondarea txikitu duena eliteen interesen menpeko proiektua da", azaldu dute.
Lezetxikiko haitzuloa AHTren obren tunel batek nola zulatzen duen erakusten dituzten irudiak zabaldu zirenetik, azpiegitura horrek lurpean eragiten dituen kalteen inguruko kezka areagotu egin da herritar askoren artean, eta horren isla da igandean Arrasaten dozenaka lagunek egindako elkarretaratzea, Lezetxiki eta inguruak babestu, AHT gelditu! lelopean.
Elkarretaratzean, historiaurreko aztarna arkeologiko garrantzitsuak gordetzen dituen haitzuloan AHTk egindako kalteak salatzeaz gain, ingurune naturalean eta geologikoan ere egindako kalteak salatu dituzte. Gogorarazi dute Udalaitz inguruan biodibertsitateari eta natur baliabideei zuzenean erasan dietela obrek: Kobate erreka estali egin zen eta Aramaio errekaraino iristen diren isuriak sarritan gertatzen dira geroztik; porlanezko baso-bideak zabaldu dituzte Gesalibar eta Garagartza auzoetan; eta Bostiturrietako iturburua "erabat hondatuta dago", azpimarratu dutenez.
Gogorarazi dute Udalaitz inguruan biodibertsitateari eta natur baliabideei zuzenean erasan dietela obrek
2011n uholdeak eta kalteak iturburuetan
Hain justu, Adif-ek berak 2011n aitortu zuen jakin bazekitela Bergarako lotuneko Arrasate-Elorrio-Bergara ibilbideko AHTren lanekin Bostiturrietako eta Abolako iturburuak kaltetuko zituztela. 2010ean, obrek aurrera egin ahala uholde handiak izan zituzten tuneletan, "dozenaka milaka metro kubo" xahutu ziren Bostiturrietara joan behar luketenak: "Iturburua praktikan lehortu egin zen, eta Arrasateko udalerriaren zati bat hornitzeko erabilgaitz geratu zen", dio Adifek Bilbon urte hartan egindako jardunaldi batzuetarako prestatutako txostenak.
Horrez gain, AHTren kontrako mugimenduko kideek diote 2010ean Karraskaingo tunela eraikntzen hasi zirenean, sustatzaileek bazekitela Lezetxikiko galeria bat gurutzatuko zuela trenbidearen trazatuak.
Arrasaten elkarretaratuek AHTko obren inguruan dagoen "informazio falta" salatu dute: "Gertatutakoa aukera bat da, erakundeek obren kontrola berreskuratzeko. Zeren eta nabaria da zein informazio publiko gutxi helarazi duten, eta horrek erakusten du informazio hori ez zutela edo ez dutela publiko egin", azaldu dio herritar batek Goiena-ri.
Hala, amaierako hitzartzean erakunde horiei eskatu diete "gure ondare naturala, kulturala, arkeologikoa eta baita gaur plazara ekarri gaituen ondare geologikoa ere, benetako babes-neurri eraginkorrekin betirako babestea".