argia.eus
INPRIMATU
AHTk behin-behineko geltokiak izango ditu Bilbon eta Gasteizen
  • Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean egindako bileran aztertu dute AHTk Bizkaiko eta Arabako hiriburuetara izango duen sarbidea. Obra horiek egin bitartean abiadura handiko trenaren EAEko trazatua martxan jarri ahal izateko behin-behineko geltokiak egingo dituzte.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 04a

Euskal Y delakoaren lanen egoera aztertu dute Raquel Sánchez Espainiako Garraio ministroak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak ostegunean Gasteizen egindako bileran. Besteak beste AHTren Gasteizko eta Bilboko sarreren inguruan mintzatu dira. Bi hiriburuotan abiadura handiko trena lurpetik iritsiko dela berretsi dute. Horretarako lanak Eusko Jaurlaritzak hartuko ditu bere gain, Gipuzkoako tartearekin egin bezala.

Hala ere, Gasteiz eta Bilboko lurpeko sarbide horiek amaitu bitartean AHTaren ibilbidea martxan jartzea ez atzeratzeko behin-behineko irtenbideak lantzen ari direla azaldu du Sánchezek. Bilborako sarbiderako behin-behineko geltoki bat egingo dute Basaurin, aldirietako trenarekin lotura egingo duena. Gasteizi dagokionez gaur egungo Dato kaleko tren geltokira iritsiko litzateke abiadura handiko trena.