Miranda de Ebro eta Logroño lotuko dituen trenbide sareak jarri du Arabar Errioxa erdigunean: bi hiriak batzeko AHT eraiki dezaketela adierazi du Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak.
Ardogileak oso kezkatuta daude urteetako lana kinka larrian ikusten baitute. Lau proiektu aurkeztu ditu Madrilek, eta horietatik bi eskualdean barrena pasako lirateke, hain zuzen, laburrenak eta merkeenak diren egitasmoak.
Upategi eta mahastizain txikien elkarteak (ABRA) azaldu du eskualdeko ardogintza bizirik dagoen kultur ondare historikoa dela, babestu beharrekoa. “Ingurumenarentzat, gizartearentzat, ekonomiarentzat eta kulturarentzat ekarriko lituzkeen galerak hain handiak lirateke, ezen eskualdea eta sektorea desagertu egingo bailirateke orain ezagutzen ditugun moduan”. Bi kasutan Bastida zuzen- uzenean zeharkatuko luke trenbideak eta ekosisteman ere “eragin nabarmena” izango luke. Instituzioei babesa eskatu die ABRAk trenbide sareari desadostasuna erakutsi eta euren ondarea babesteko.
Lau proiektutatik bi dira mahastietatik barrena igaroko liratekeenak: 57 kilometroko ibilbidea aurreikusten dute, 711 milioi euroko kostua edukiko lukeena. Beste biak, aldiz, Ebroren hegoaldetik barrena joango lirateke, Araba ukitu gabe. Azken hauek luzeagoak dira, 65 eta 64 kilometrotakoak, eta prezioan era gora egiten dute: bakoitzak 970-890 milioi euroko aurrekontua beharko lituzke, hurrenez hurren. Dena dela, denbora aldetik ia ez dago alderik: laburrenak 20 minutuan lotuko lituzke bi hiriak; luzeenak 22 minutuan.