argia.eus
INPRIMATU
AHTaren 30 milioi euro itzultzeko eskatu dio Nafarroak Espainiako Gobernuari
  • Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdi Sustapeneko jarduneko ministro Ana Pastorrekin bildu zen astelehenean AHTko obrengatik aurreratutako 30 mililio euro erreklamatzeko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko urtarrilaren 12a
Ayerdi lehendakariordea, Herri Lanetako zuzendari nagusi Nacho Nagorerekin batera, Ana Pastor ministroarekin izandako bileran.

Nafarroa eta Estatuaren arteko hitzarmenaren arabera, Nafarroak Prestazio Handiko Trenaren obrak aurreratzen ditu eta interesen kostua bere gain hartzen; Estatuak, berriz, inbertsioa itzultzen du. Finantzaketa-sistema horren arabera, Gobernu Zentralak Nafarroako Gobernuari 30 milioi euro ordaindu behar zizkion 2015eko ekitaldian, 2014ko abenduaren 31 baino lehen egikaritutako obrei dagokien kopurua.

Nafarroak aurreratutako 71 milioi eurotatik eta duela ia urtebete bi aldeek ziurtatutakoa, Foru Administrazioak orain arte 35,65 milioi baino ez du kobratu.

Txosten juridiko batean, Estatuak bere burua defendatzen du esanez ez dagokiola ordaintzea "hitzarmenean aurreikusita zegoen moduan, Castejón-Arrizabalaga bide-zati guztiaren obrak ez direlako epearen barnean egikaritu, hau da, 2015eko amaierarako", Ayerdik azaldu duenez.

Nolanahi ere, Foru Gobernuak Pastor ministroari beste txosten juridiko batzuk helarazi dizkio, eta azken horietan esaten da kobrantza egiteko baldintzak betetzen direla; izan ere, hitzarmenean ez da jasotzen azpiegitura amaituta egotea beharrezko baldintza denik.

"Espero ez genuen egoera batekin topo egin dugu, seguru geundelako 2015. urte amaieran 30 milioi horiek jasoko genituela", aipatu du Ayerdi lehendakariordeak Madrilen gaur egindako bileraren amaieran. Lehendakariordeak hitzarmenaren jarraipen-batzordea urtarrilean bilduko dela espero du.