argia.eus
INPRIMATU
AHTren “inposaketa” salatzeko ekintza egin du Baionan Bizi-k
  • AHTren proiektua herriaren borondatearen aurka "inposatzen" ari direla salatzeko, Bizi mugimenduko ekintzaileek bi pankarta zintzilikatu dituzte Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren Kontseiluak Baionan duen egoitzatik.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 08a

Asteazkenean, goizeko 08:15ean, Bizi mugimenduko 20 ekintzailek pankarta parea zintzilikatu dituzte CD64 Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren Kontseiluaren egoitzatik, AHTren proiektua inposatzen ari direla salatzeko. Zehazki GPSO - LGV proiektua bertan behera uzteko exijitu dute; siglak frantsesezko eta gaztelaniazko Grand projet ferroviaire du Sud-Ouest - Línea de Gran Velocidad izenen laburdura dira. GPSO Frantziako hego-mendebaldeari begira diseinatutako proiektua da, eta bi abiadura handiko linea eraikitzea aurreikusten du; Bordele eta Tolosa (Okzitania) artean bata, eta Bordele eta Donibane-Garazi artean bestea. Hala, Euskal Herritik igarota, Espainiako Estatua eta Frantziakoa batuko lituzke AHTren zati horrek.

Protestarako erabilitako pankartetan bi lelo argi irakur zitezkeen: CD64, n'imposez pas la LGV au Pays Basque (CD64, ez inposatu LGVa Euskal Herrian) eta CD64, bortxarik ez! Euskal Herriak AHTri EZ!. Ekintzarekin "kostu ekonomiko, ekologiko eta sozial izugarriak dituen" proiektu polemikoaren kontrako jarrera berretsi nahi izan du mugimenduak, proiektua inposatzen ari direla salatzearekin batera.

Gogorarazi dute 2021eko abenduan Euskal Elkargoko hautetsien %80ak bozkatu zuela proiektuaren aurka. "Euskal Herrian, jendarte zibilaren eta arlo politikoaren baitan, proiektu honen errefusaren adibide enblematikoa", mugimenduaren hitzetan. Halere, proiektuak mahai gainean dirau, eta zentzu horretan Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilua eta bertako lehendakari Jean-Jacques Lasserre interpelatu dituzte, "zeren proiektuaz zuzenean hunkitua den lurralde oso baten iritziaren kontra doa". Proiektuak, gainera, AHTren geltokitik ordubete baino gutxiagora bizi diren herritarrei zergak igotzea ekarriko lieke.

Salaketekin batera, eskakizunik ere egin du mugimenduak: dagoeneko existitzen den trenbidea egokitzea eta "modernizatzea". "Errealista, merkeagoa eta ingurumena errespetatzen duen alternatiba da", deritzote. Gogorarazi dute Irungo, Baionako eta Bordeleko alkateek eskatu dutela trenbidea modernizatzeari buruzko ikerketa, trenbidea egokitu eta egunean jartzeko helburuarekin. "Orain beste 120 hautetsik sustengatzen duten beren deia", ohartarazi dute.