Uztailaren 26tik 31ra egingo da Hernanin (Gipuzkoa) AHTaren aurkako kanpaldia. "Elkarbizitzarako espazio kolektibo bat" eratuko dute, egun horietan "adin eta jatorri desberdinetako jendeak esperientzia interesgarriak bizi ditzan", AHTren Aurkako Asanbladaren hitzetan.
Asanbladak azaldu duenez, "Hernani azpiegitura desberdinak zigortu izan duten herria da, baina hainbeste aipatzen den garapena aseezina da". Gainera, antolatzaileen arabera, arazoa ez da AHTa eraikitzea bakarrik; kontuan hartu behar da AHTa elikatzeko eraiki beharko den azpiestazio elektrikoa, goi tentsioko lineaz gain.
Azken hilabeteotan Hernanin derrigorrezko desjabetzeak bideratzen hasi direla jakinarazi dute, eta orain arteko gakoa oztopoak jartzea izan dela. Herritarren presioaren garrantzia azpimarratu dute, eta aurrerantzean ere presioa egiten jarraitzeko deia luzatu dute, aurki hasiko baitira obrak.
Bestalde, kanpaldiaren egunetan eztabaida, tailer eta hitzaldiak egingo dira, besteak beste. Lau galderarekin laburbildu dituzte kanpaldiko ekimenetan jorratuko diren gaiak: "Zein interes politiko eta ekonomiko ezkutatzen dira martxan dauden azpiegitura erraldoien atzean? Zein dira proiektu hauek ekarriko dituzten aldaketa sozialak? Non dauka muga ingurunearen jasangarritasuna? Ze egoeratan dago garapenaren aurkako diskurtsoa, eta nolako eragina du gizartean?"
Hernaniko Osinaga auzoan izango da kanpaldia, AHTak "bortizki" eragingo baitio lekuari, antolatzaileen arabera.