Abiatu Handiko Trenbideetan minutuko bateko denbora aurrerapenak 369 milioi euro balio du. Europako Kontuen Ganberak AHTko europar sareaz 2018an egindako txostenaren ondorioetako bat da hori. Aholkuen artean ganberak azpimarratzen zuen hobe zela dirua inbertitzea ohiko trenbideak hobetzen.
Europan eraikitako AHT trenbideek lurraldea zatitzen dutela eta ez direla eraginkorrak ere argi zioen europar ganberak eta kostuak aurreikusitakoa baino askoz handiagoak izan direla ia kasu guztietan. Arrazoi horietan eta beste askotan oinarrituta, Nafarroako ELA, LAB, CGT, Steilas eta ESK sindikatuek bat egin dute datorren larunbatean, hilaren 16an, 17:00etan Tafallan Nafarroako tren sozialaren alde eta AHT proiektuaren aurka egingo den manifestaziora joateko.
Sindikatuen ustez, "Aldaketaren Gobernuak ezin du proiektu hau ezinbestekotzat hartu. Diru publikoaren zerraztalkeria dakar, kohesio sozialaren aurkakoa da eta, ingurumena eta biodebertsitateari kalte itzelak ekarriko dizkio".
Sindikatuen aburuz, gizartearen gero eta baliabide gehiago bideratzen dira bakarrik dirua duten pertsonek ordaindu ditzaketen zerbitzuak sortzera, eta AHT eredu horren adibide da. Aldaketa klimatikoa eta petrolioaren agorpenaren garaian, tren lasterra behar dugun eredu jasangarrritik oso urruti dagoela diote. "Osasunean eta hezkuntzan murrizketak izaten ari direnean, pentsioak ordaintzeko edo immigranteei behar den arreta emateko baliabiderik ez dagoenean, milioika euro gastatzea pertsona batzuk minutu batzuk aurrera ditzaten zitala da".
Arrazoi horiek guztiengatik datorren larunbatean Tafallako bilkurara joateko deia egin diete Nafarroako herritarrei.