argia.eus
INPRIMATU
AHTk Nafarroan 70 kilometroko tarte bakartua izango du
  • Iruñea eta Castejon arteko trenbidea izango du AHTk Nafarroan, EAEko ‘Euskal Y’arekin eta Aragoiko bidearekin lotura izan gabe. Hala azaldu du Herri Lanetarako kontseilari Luis Zarraluquik. Nafarroako Gobernuak kreditua eskatu zuen 2010an obrei aurre egin ahal izateko eta oposizioak salatu duenez, esfortzu hori ezerezean geratuko da.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 13a
AHTak Nafarroan hasitako obrak (Argazkia: Noticias de Navarra)

Nahiz eta bakartutako 70 kilometroko zatia izan, Nafarroako Gobernuak ez du proiektua baztertuko. Kontseilariak azpimarratu du AHT eremu guztietan eraikitzea ekonomikoki ezinezkoa dela, eta hirugarren bide baten alde egingo dutela. Europako zabalera duten trenbideak baliatuz loturak eratuko dituzte, Zarraulquiren arabera, dezente merkeagoa dena.

Oposizioa ez dago ados neurriarekin. Nafarroako eta Espainiako Gobernuetatik proiektuaren alde egin zuen PSOE harrituta agertu da. PSNko ordezkari Maite Esporrinek adierazi duenaren arabera, aldaketa nabaria da eta “Nafarroari galera garrantzitsua” eragingo diola nabarmendu du. Bilduko Victor Rubiok “erokeriari amaiera emateko” eskatu dio Yolanda Barcinaren Gobernuari, eta proiektua Los Arcoseko zirkuituaren eraikuntzan egin zen “diru xahuketarekin” alderatu du. I-E eta Aralar-NaBai, berriz, pozik agertu dira AHTrekiko jarrera aldaketarekin, baina eskatu dute Iruñea eta Castejon arteko eremua gelditzeko.

Iruñea eta Castejon arteko trenbideak 675 milioi euroko aurrekontua du, eta bost azpieremutan banatu dute. Horietako baten eraikuntza jada hasi da, eta beste bien lurren okupazioak izapidetzen ari dira.