argia.eus
INPRIMATU
AHTak aldaketa klimatikoari kilimak egiten dizkio

Mugitu! mugimendua 2021eko urriaren 14a

Klima aldaketa gizakiok dugun osasun arazo larrienetakoa da. Bizitzaren sustengua diren urari eta lurrari eragiten dien neurrian guri ere eragiten digu, beste bizidunei bezalaxe. Bere adierazpen ezin bortitzagoak diren neurri gabeko lehorteek, uholdeek, tenperaturen gorakadek eta suteek besteak beste gero eta jende gehiago kaltetzen dute. Klima aldaketa, hau bai pandemia!

Osasunak osotasuna esan nahi du. Eri gaudenean erdi gaude, eta osotasuna berreskuratuz osatzen gara. Osasunak fisikoa eta animikoa izan behar du. Fisikoa gorputzari dagokio eta animikoa gogoari. Batak bestea elikatzen du.

"300 kilometro orduko abiaduran dabilenean 25.000 bizilaguneko herri baten adina energia xahutzen du"

Abiadura Handiko Trena ere Euskal Herrian dugun osasun arazo larria da. Lurraldea zatikatzen du, erdibitzen du eta beraz, gaixotzen du. Honek herritarron osasun animikoan du eragina. Hori dela eta, AHTaren aurreko paisaia sentsual kiribilduak ezagutu ditugunok zorionekoak garelakoan gaude. Berebiziko xarma zuten txoko zoragarriek, ipuinaren atea irekitzen ziguten. Sorpresa atseginak ezkutatuz bazter koloretsuek eta lanbroek gure arima jostalaria alaitzen zuten.

Mendeetako jarduerak margotzen zituzten paisaiek museo bizidunak ziruditen. Zerien historia usaintzen genuen elkarrekintza aberasgarrian eta etorkizuna irudikatzeko gakoak ere aurkitzen genituen. Baina zoritxarrez, AHTak desagerrarazitakoa zaharron oroimenean besterik ez da bizi. Gazteak ez dira soilik gelditu arbaso eta haurtzaroarekiko lotura onirikorik gabe. Paisaiek gordetzen zuten memoria historikoa ere errotik kendu die gazteei AHTren eraikuntzak. Paisaia herriaren arimaren isla dela diote. Gustukoa dugu ispiluak itzultzen diguna?

Osasun fisikoa ere kaltetzen digu azpiegitura honek. AHTak isuritako gasek berotegi eragina dute eta aldaketa klimatikoari kilima atseginak egiten dizkiote. Batzuek kontrakoa badiote ere AHTa ez da inolaz ere ekologikoa. Izan ere eguratsa gehiago berotzen du. Ikus dezagun zergatik:

Hasteko bioaniztasuna gordetzen eta CO2 isurketak irensten zituzten ehunka hektarea bertako baso eta bailara desagerrarazi ditu. Euskal Herriko 400 kilometrotan zehar plataformak, zubibideek, pistek eta tunelek behar duten porlan kopuru itzela ekoizteko erabili den makinaria erraldoiak CO2 isuri du etengabe. Hormigoiaren osagaiak diren harriak eta burnia lortzeko eta garraiatzeko ere tonaka CO2 isuri da.

"Baina AHTa ez dute amaitu. Garaiz gaude gelditzeko eta Euskal Herriko lurraldearen suntsiketa galarazteko"

AHTak energia kontsumo neurrigabea du. Halako tren batek 300 kilometro orduko abiaduran dabilenean 25.000 bizilaguneko herri baten adina energia xahutzen du. Izan ere, abiadura handitzeak kontsumo energetikoa esponentzialki haztea dakar. AHTa zentral nuklearrez zein Castejongo bezalako zentral termikoez elikatuko da. Zentral horiek karbono dioxido (CO2) eta karbono monoxido (CO) kopuru altua isurtzen dute eguratsera, euri azidoaren eragile. Ebroko uren beroketa ere eragiten dute errefrigerazioan erabiltzen baitute.

Egun dauden eguzki eta haize poligonoek eta proiektatuta daudenek ere AHTa elikatuko dute. Horiek nekazal eta naturguneak industrializatu eta suntsitzen dituzte.

Aldaketa klimatikoa kapitalismo tekno-agro-industrialaren ondorio zuzena da eta AHTa bere ikurra. Biek suntsitzen dute behar dugun bioaniztasuna. Baina AHTa ez dute amaitu. Garaiz gaude gelditzeko eta Euskal Herriko lurraldearen suntsiketa galarazteko. AHTren eta berak bultzatzen duen jendarte ereduaren aurka borrokatzea aldaketa klimatikoaren aurka ekitea da. Indar dezagun gure defentsa sistema lurra, ura eta airea defendatuz. Osasuna.