argia.eus
INPRIMATU
AHTa gelditzeko kanpaldia Atxondon
  • Uztailaren 30etik abuztuaren 1era bitartean egingo dute Bizkaiko herrian. Borrokaz ekidin ezean hilabete gutxiren buruan makinak Atxondoko lurretan sartu daitezkeela ohartarazi dute kanpaldiko antolatzaileek, eta proiektua gelditzea inoiz baino beharrezkoagoa ez ezik posible dela. Kanpaldirako izena lehenbailehen ematea eskatu diete herritarrei.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 12a

Agerraldi jendetsu batean aurkeztu dute AHTaren aurka Atxondon antolatu duten kanpaldia, igandean. 1989an agintariek euskal Y grekoaren “lehenbiziko zirriborroa” aurkeztu zutela gogoratu dute bozeramileek, eta oraindik ere proiektu hura gauzatu nahian jarraitzen dutela, “gure herriko mendiak zulatuta eta gu geu porlanez inguratuta”. 1992an sortu zen AHT Gelditu Elkarlana hainbat pertsona eta mugimenduren elkarlanari esker, eta beraiek ere lanean jarraitzen dutela aldarrikatu dute, besteak beste Atxondon “erresistentzia” antolatuz.

Gogoratu dute 2007an herri galdeketa egin zela AHTaren inguruan eta herritarren bozka proiektuaren 2erabat aurkakoa izan zela”. Emaitza ez da errespetatu, baina epaitegietan obren “ilegaltasunei” aurre eginez “makinak sartzea” eragotzi dute atxondarrek luzez. Kezkatuta azaldu dira, ordea, udalaren jarrera “pasiboa” aprobetxatuta lanak “azkar batean” amaitu nahi dituztela uste dutelako. Abadiñon eta Elorrion gertatutakoa ekarri dute gogora, zentzu horretan.

Gelditzearen beharra eta aukera

AHTa gelditu daitekeela eta egun gelditzea inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarrikatu dute kanpaldiaren antolatzaileek: “AHTa proiektu suizida bat da. Pandemia aurretik bere bideragarritasuna kolokan bazegoen, pandemia ondoren onartezina da diru publikoa zentzurik gabeko makroproiektuetan xahutzea”. Proiektuaren %30 besterik ez dagoela eraikia azpimarratu dute, eta bizitza erdigunean jarriko duten bizi ereduak eta herriak eraikitzeko garaiz gaudela oraindik.

Hamaika jarduera eta manifestazio nazionala

Egitarau zehatza aste honetan iragarriko dute antolatzaileek, baina prentsaurrekoan aurreratu dute ikuskizunak, haurrentzako jarduerak edo hitzaldiak izango direla. Uztailaren 31n, arratsaldean, AHTaren aurkako manifestazioa irtengo da Atxondotik. Kanpaldira gerturatuz “Atxondoko landak ilusioz eta gogoz” betetzera gonbidatu dituzte herritarrak. Antolakuntza errazteko izena kanpaldiaren webgunean lehenbailehen emateko eskatu dute, edukiera mugatua izango dela gogoratzearekin batera.