argia.eus
INPRIMATU
“AHT txarra bada Errioxarentzat, txarra da Arabako Bailarentzat ere”
  • Manzanos, Quintanilla de la Ribera eta Leciñana Okako kontzejuak kexu dira. AHTk Arabako Errioxa zeharkatzeak administrazioaren aldetik piztu duen oposizio berdina nahi dute Arabako Bailaretan egingo duen "hondamendia" gelditzeko.

Arabako Alea @ArabakoALEA Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017ko abenduaren 21a
Manzanos inguruak kaltetuko ditu AHTk. (Argazkia: Arabako Alea)

"Oposizio berdina behar da Arabako Errioxan eta Arabako Bailaretan. Denok gara Arabako bizilagunak. Horregatik gure administrazioei eskatzen diegu sutsuki defendatzea Bailaretako herriak ere". Manzanos, Quintanilla de la Ribera eta Leciñana Okako kontzejuek publiko egin dute Abiadura Handiko Trenaren inguruan duten haserrea. Gutun batean azaldu dutenez, Burgos eta Gasteiz lotuko duen AHTren lineak Erriberabeitiko eta Erriberagoitiko hainbat herri eta mendi zeharkatuko ditu: "Geratzen zaigun natura apurra hondatuko du AHTk, eta inguratu egingo gaituzte azpiegitura gehiagorekin".

Iragan udan jakin zuten Arabako Bailaretako lagunek AHTk inguruan eragingo dituen kalteak, baina Arabako Errioxarekin ez bezala, "zoritxarrez, gure udal, foru eta erkidegoko ordezkari politikoek ez dute ezer esan, eta hedabideetan hitz-erdi bat ere ez dute jaso". Are gehiago, informazioa eskatu dutenean, adierazi diete egitasmoa ezin dela aldatu, eta "izorratu" beharko direla. 

Arabako Errioxaren inguruan ordezkari politikoek egin dituzten adierazpenak "pozgarriak" direla nabarmendu dute Añanako kontzejuek, eta gaineratu dute "azkenik, badirudi zentzutasuna gailendu dela, eta ikusten dutela halako proiektu batek eskualde oso bat hondatu dezakeela". Izan ere, herri txikien irudikoz "AHTa txarra bada Arabako Errioxarentzat, txarra da Arabako Bailarentzat ere".

 

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.