argia.eus
INPRIMATU
AHTren aurka eta tren sozialaren alde, larunbat honetan manifestazioa egingo dute Gasteizen
  • Larunbat eguerdian izango da orain dela hilabete batzuk Arabako hiriburuan iragarritako manifestazioa. Antolatzaileen esanetan, "proiektu guztiak hasi gabe daude eta garaiz gabiltza gelditzeko".

Hala Bedi @halabedi 2019ko maiatzaren 15
Eragile ugarik egin du bat AHTren aurkako manifestazioarekin (argazkia: Hala Bedi).

Urtebete igaro da Espainiako Sustapen Ministerioak Arabari zuzenean eragingo dizkioten AHTren hiru proiektu ezagutarazi zituenetik: Euskal Y Iruñearekin lotzeko asmoarekin, Arabako Lautadari eta Gasteizko ekialdeari eragingo dion azpiegitura; Burgos eta Gasteiz arteko eremuan, Arabako Haranetan eta Gasteizko mendebalean dauden eremuak kaltetuko dituena; eta, azkenik, Logroño eta Miranda arteko lineak, ondorio larriak eraginez Bastidan, Zanbranan eta Buradon Gatzagan.

Urtarrilean, Gasteizen AHT sartzeko proiektua aurkeztu zen, udalerriko 14,3 kilometrotan eragina izango duena, hauetatik 3,6 kilometro lur azpian eraikiz. Besteen artean, inpaktu handia izango luke Krispiña, Zabalgana, Ali, Borinbizkarra, Salburua, Arkaiate, Arkaia, Arkauti, Ilarraza, Jungitu eta Zurbaon. Proiektu berean, lau errailetako bide bat aurreikusten da, hiri erdian.

Aurrekontua ere ez da makala: 4.500 eta 6.000 milioi euro inguru proiektu hauek egiteko. Hori, beti obra hauek izaten dituzten gainkostuak kontuan hartu gabe.

Txanponaren beste aldean, gero eta jende gehiago agertu da proiektu hauen aurka eta horren erakusle dira Arabako eskualde ugaritan sortutako plataformak, modu bateratuan Gasteizen agerraldia egin dutenak maiatzaren 18ko manifestazioa aurkezteko. “Proiektu guztiak hasi gabe daude eta garaiz gabiltza gelditzeko”, azpimarratu dute. Manifestazioa, gainera, hauteskunde kanpainan kokatu dute, nahita, “funtsezkoa iruditzen zaigulako gai hau kanpainaren erdian egotea eta Araban eraiki nahi dituzten proiektuei dagokienez alderdi politikoekin konpromiso bat lortzeko lanean ari gara”.

Larunbatean San Anton plazatik 12:30ean aterako den manifestaziorako atxikimendu ugari lortu dituzte dagoeneko antolatzaileek: Lautadako Udal eta Kontzeju guztiak, Zanbrana, Lantaron, Manzanos, ELA, LAB, ESK, STEILAS, UAGA, Arabako Emakumeen Asanblada, Arabako Pentsionistak lanean, Gazte Mugimendua, Berriztu, Klimaren Aldeko Mugimendua, Gasteizko 10 auzo-elkarte baino gehiago…

Manifestazioaren ostean, herri bazkaria eta jaialdi bat egingo dute Gasteizko Alde Zaharreko Auzolana Pilotalekuan: zirkoa, puzgarriak, ipuin kontalariak eta kontzertuak egingo dira. Manifestazioaren sustatzaileek argi dute: tren publiko eta sozialaren aldekoak dira.

Trena bai, baina soziala eta publikoa

Maiztasunak handitu daitezela eta egungo azpiegiturak egokitu daitezela eskatzen dute, hirugarren haria ezarriz (Astigarragan eta Irunen egiten ari diren moduan).

Europako Garraio Batzordeak baieztatu du Espainiako Estatuan, abiadura handia ez dela bateragarria salgaien garraioarekin. Halaber, Europako Kontuen Auzitegiak dio AHTren linea berriak gainkostu eta atzerapen larriak jasaten ari direla.

Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera hiriburuen arteko joan-etorriak %1 baino gutxiago dira eta, Frantziako Estatuan, abiadura handiko trenetan egiten diren bidaien estatistikek erakusten dute errenta handia duten pertsonek erabiltzen dutela tren mota hau.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.