Espainiako Garraio Jasangarrirako estatu idazkari José Antonio Santanok adierazi du Eusko Jaurlaritzaren helegite bat onartu dutela Ezkio-Itsasoko konexioari buruz, Aralarri "hainbeste" kalte egingo ez liokeena.
AHTren obrak atzeratuz eta atzeratuz doazen bitartean, Nafarroa eta Euskal Y lotuko dituen bideari buruzko erabakiek ere ez dirudi epe muga jakinik dutenik. Hala iradoki du José Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraio Jasangarrirako estatu idazkariak.
Orain arte bi alternatiba zeuden mahai gainean lotura hori egiteko: Gasteizkoa eta Ezkio-Itsasokoa. Gobernu autonomoak zein aldundiak banatuta zeuden bataren edo bestearen alde, baina erabakia hartu behar duen Espainiako Gobernuak aspaldi esana du Gasteizkoa duela begikoago. Hala ere, Santanoren hitzetan, "hirugarren" bide bat aztertzen ari dira orain.
Zehazki, hirugarren bide hori Iruñetik Gasteizera doan alternatibaren berdina izango litzateke Bakaikuraino, eta hortik Ezkio-Itsasora egingo luke. Hala "bide komun" bat edukiko luke hasierako zatian, eta Ezkio-Itsasorako ibilbidean, berriz, Aralarren ez luke "hainbeste" kalte eragingo Santanoren esanetan, Diario de Navarra-n irakurri dugunez: 21 kilometroko tunelak beharrean 18,5 kilometrokoak zulatuko luke parke naturalaren eta Altzania mendizerraren zati bat.
Hirugarren alternatiba hori ez da berria. 20218an jadanik Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak proposatu zuten antzeko zerbait, Espainiako Garraio Ministerioaren informazio azterketa bati jarritako helegiteetan.
Orain berriz ere alternatiba hori mahairatzeak, aukera emango lieke AHTren sustatzaileei obrekin jarraitzeko "bide komun" horretan, Iruñetik gutxienez Bakaikura arte doana. Hortik aurrerako trazatua erabakitzeak, aldiz, oraindik denbora asko emango du, Santanok berak aitortu baitu Ezkio-Itsasoko lotura egiteko jarraitzen dutela lurjabe ugarirekin "arazoak" izaten.