argia.eus
INPRIMATU
AHTn justifikatu gabeko 9 milioiko kostuak salatu ditu EH Bilduk
  • Tolosa eta Hernialde lotzen dituen lanetan dauden kostuak azaltzeko exijitu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Corsan Corviam enpresa madrildarra ari da arduratzen lan horietaz, Bartzelonako obrengatik ikertzen ari diren enpresa bera.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 12a
Abiadura Handiko Trena egiteko lanak. (Argazkia: ataria.info)

Kostu irregularren salaketak auzitegietan bukatu dezake EH Bilduren arabera, Ana Oregi Ingurumen sailburuaren arrazoizko azalpenik lortzen ez bada.

Antonio Aiz Garraio sailburuordeak irregulartasunak ukatu ditu. “Arrazoi teknikoek” kostua justifikatzen duela azaldu du, eta hori frogatzeko hainbat txosten daudela.

Tolosa-Hernialde zatiak 104 milioiko aurrekontua zuen. Obraren %77 bukatuta, kostua 118 milioi eurora iritsi da, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak emandako datuen arabera. 3,5 milioi BEZaren igoera eta gaien salneurrien garestitzea kontuan izanda ulertzen dira haren esanetan, baina beste 9 milioi euro justifikatu gabe daudela esan du Matutek.

Funts publikoak bidegabeki erabili direla adierazi du Matutek, eta Eusko Jaurlaritzak kontrakoa “frogatu” behar duela uste du.

Corsan Corviam Abiadura Handiko Trenaren lau zati egiten ari da Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste enpresa batzuekin batera ari da lanean, Zizurkil-Andoain, Tolosa-Hernialde, Zornotza-Lemoa eta Elorrio-Atxondo tarteak egiten egiten.