Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio ministerioak uste du 2027rako martxan izan daitekeela zati hori.
Urtarrilaren amaieran Nafarroako AHTko lanetan ari ziren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu zuen AHT Gelditu elkarteak, horretarako bertan aritutako langile batzuen testigantzak emanda. Espainian trenbideen eraikuntzaz arduratzen den Adif-ek salaketak gezurtatu ditu. Larunbateko manifestazioan lan baldintza horiek salatuko dituzte eta proiektu horrek “gizartea osoa esklabo bihurtzen duela” ere bai, honako goiburuarekin: “AHTk esklabo bihurtzen gaitu. Progresoaren k-aht-eak hautsi ditzagun”.
2009an hasi ziren Nafarroako tren lasterraren lanak eta urtarrilean Espainiako Gobernuko Garraio zuzendari nagusi Berta Mirandak esan duenez, Castejon-Iruñerria zatia 2027rako martxan izan daiteke. Orain Tafalla eta Campanas arteko zatia egiten ari dira eta bere esanetan, beranduenez 2026rako bukatuko da. Iruñeko Geltokia Etxabakoitz auzoraino iritsiko da, baina honen eraikuntza asko atzeratuko dela uste dutenez, trena Iruñeko geltoki gabe abiatuko dela dio gobernuak eta 20 minutu aurreratuko direla zati horretan.
Ezkioko korapiloa
Iruñerritik Sakanara joango da tren lasterra, baina hor korapilo handia dago askatzeko oraindik, Espainiako Gobernuak ez baitu erabaki Ezkiotik edo Gasteiztik joango den. Gobernuko arduradunak, bai PPrekin bai PSOErekin, hainbatetan agertu dira Gasteizko lotunearen alde, baina oraindik ez dute azken erabakirik hartu. Hala ere, Sakanan zundaketak egiten ari dira, –ez arazorik gabe– Ezkioko proiektua hobeto aztertzeko. Aurreikuspenen arabera, Ezkioko proiektuak –55 kilometro eta horietatik 21 Aralar azpiko tunela– 2.000 milioi euroko kostua izango luke eta Gasteizkoak 700 milioi euro inguru.
Eusko Jaurlaritza, EAJ, Geroa Bai eta UPN gogor ari dira presionatzen lotunea Ezkiotik egin dadin, baina ez zirrikiturik gabe, EAJk agintzen duen Arabako Diputazioak, adibidez, Gasteizko lotunearen alde egiten baitu. Bi aukeretan txikizio ekologikoa handia da, bereziki Aralarrekoan; alabaina, Gasteizko aukerak ere Sakana gogor kaltetuko lukeela diote Ezkiokoaren aldekoek, orain dituen errepide zaharrari eta autobideari, AHTko trenbidea gehituko litzaiokeelako, eta horrela bailara saturatu.
Abiadura handia... Iruneraino
AHTko euskal proiektuen aldekoen argudio nagusietakoa beti izan da Europarekiko lotura ona eta modernoa izatea. Orain ordea, Frantziako Gobernuak Espainiakoari jakinarazi dionez, tren lasterra ez da Hendaiara iritsiko gutxienez 2042ra arte.
15.000 milioi euroko inbertsioa?
Beti da gaitza AHTko kostuaren gaian murgiltzea. Euskal Y-a 2006an hasi zen eraikitzen, baina oraindik ez du amaiera datarik, batez ere hiriburuetako geltokiak oraindik eraiki gabe daudelako. Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren ministroa Donostian izan berri da aste honetan eta adierazi duenez, dagoeneko 5.000 milioi euro gastatu dira Euskal Y-an, eta ia beste 4.000 milioi euro falta dira inbertitzeko. Nafarroako zatian egin beharreko inbertsioak ez dira batere argiak oraindik, baina 3.000-4.000 milioi euroren buelta izan daitezke, gutxienez; kopurua asko alda daiteke Ezkiotik edo Gasteiztik badoa. Edozein kasutan bi proiektuekin abiadura handian egindako inbertsioa 15.000 milioi eurora hurbildu liteke.