argia.eus
INPRIMATU
AHT gelditzeko exijitzeko manifestazio nazionala Donostian ekainaren 13an
  • Euskal Herriko hainbat eragilek AHT gelditzeko eskatuz kanpaina abiatu dute. Horretarako AHT gelditu orain! Xahuketa gehiagorik ez! Herritarrok erabaki! manifestua argitaratu dute. Orain atxikimendu bilketari ekingo diotela jakinarazi dute eta ekainaren 13an Donostian manifestazio nazionala deitu dute.

ARGIA @argia 2015eko apirilaren 24a
Manifestazioaren deitzaileak Bilbon.

Manifestuan gogoratu dute orain zortzi urte hasi zirela abiadura handiko trena eraikitzen Euskal Herrian. "Ordutik agerian geratu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo onurarik gizartearentzat”, diote.

“Estrategikotzak saldu nahi izan diguten proiektu honi errealitatea gailendu zaio –diote manifestuan–, milioiak xahutzen ditu eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakar, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan”.

Manifestuan kexu dira proiektuaren bultzatzaileek ez dutelako adierazten orain arte zenbat diru xahutu den, oraindik zenbat gehiago beharko den, eta lanak noiz amaitzea espero duten. AHT Euskal  Herrian sekula egindako inbertsiorik handiena dela eta Paris eta Madrilekin ez duela loturarik salatzen dute, baita auto eta autobusen denboren parean ibiliko dela ere.

Ondorengo eragileek deitu dute manifestazioa: AHT Gelditu! Elkarlana, Mugitu! Mugimendua, Fracking EZ, Ekologistak Martxan, Eguzki, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, CNT, Euskadiko CGT/LKN, HIRU, Berriotxoak, Duintasuna, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Gazte Abertzaleak, Komite Internazionalistak, Askapena, EHE, KEM-MOC, Sare Anti-Faxista, EH Sozialista, Ruti-Distri, ATTAC eta Mutriku Natur Taldea.

Irakurri manifestu osoa hemen.