argia.eus
INPRIMATU
AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun
  • Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea. Hori eskatzeko manifestazioa iragarri dute Altsasun apirilaren 20rako eta otsailean jardunaldiak egingo dituzte.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urtarrilaren 11
Altsasun ostegunean emandako prentsaurrekoa. (Argazkia: Herri plataformak)

Duela urte eta erdi hiru ingeniarik landutako tren sozialaren alternatiba aurkeztu zuten eta hori aurrera eramatea eskatu dute orain. Batetik, eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, eta Espainiako Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostua du.

“Abantaila handi bat planteatzen du –azaldu dute–: salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez”.

Plataformetako kideen esanetan, Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñearekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia-denborak hamar eta zortzi minutu baino ez dira handituko, hurrenez hurren. Trukean, ordea, “ibilbide osoko geltoki eta geraleku guztiak hobetu eta berreskuratuko lirateke, eta ingurumen-inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke”.

Aipatu herri plataformen eta Espainiako Estatuan ferrokarrilaz arduratzen diren Adif eta Renfe enpresa publikoetako sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik sortu zen aipatutako alternatiba hau. Besteak beste, Altsasun eta Agurainen trenbidearen lurperatzeak aurreikusten ditu hiri-integrazio hobea lortzeko.

Zehaztu dute egungo AHTren lanak gelditzeko eskaerak inoiz baino indar handiagoa hartzen duela, Frantziako Estatuak erabaki duenean Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren-azpiegitura berririk ez egitea. Eta horrez gain, “Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek ere egungo trenbide-trazadura hobetzeko proposamena egin dute”.

Turin-Lyon arteko AHT proiektuaren aurkako esperientzia

Apirilaren 20ko manifestazioaz gain, Tren Publiko eta Sozialaren aldeko jardunaldiak egingo dira otsailaren 22tik 25era bitartean, Sakana, Arabako Lautada eta Goierriko hainbat herritan. Besteak beste, Italiako AHTren aurkako mugimenduko kideak entzuteko aukera izango da. Azaldu dutenez, 30 urtez baino gehiagoz Lyon eta Turin arteko AHTren linearen aurka aritu dira eta eraikuntza gelditzea lortu dute Susako bailaran, Alpeen azpitik zihoan 56 kilometro luzeko tunel bat barne.

“Hendaia-Bordele linearen eraikuntza gelditzea lortu zuen Iparraldeko AHTren aurkako mugimenduaren borroka ere zuzenean entzun ahal izango dugu. Jardunaldietako hitzaldiez gain, antzerkia, bazkari herrikoiak eta kontzerturen bat ere izango dira, eta amaitzeko, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoatik mendi martxa bat egingo da Arbarrain-Irumuga mendira”, zehaztu dute prentsaurrekoan.

Urtarrilaren 19an, halaber, eskualde horietako zenbait tren geltokitan elkarretaratzeak egingo dira 18:30 eta 19:30 bitartean, egiten ari diren zundaketak gelditzeko eta “herritarron hitza errespetatzeko eskatzeko”.