EAJk eskatuta, Espainiako Diputatuen Kongresuan mozio bat eztabaidatuko dute asteartean Rajoyren gobernuak AHT 2020rako bukatuta egongo dela publikoki baieztatu dezan.
Adierazpenaz gain, alderdi jeltzaleak nahi du Espainiako Gobernuak dokumentu bat egin dezala hiru hilabeteko epean, AHTren obren planifikazio kronologikoa zein izango den jakinaraziz.
Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroaren iragarpenaren ondoren etorri da EAJren ekimena. Pastorrek urrian adierazi duenaren arabera, egungo inbertsio erritmoa mantenduz gero azpiegitura amaituta egongo da hamarkada bukatzerako.
Bestelako iritzia du EAJk ordea. Isabel Sanchez Robles diputatu jeltzaleak “jarrera aldaketa” eskatu zion urriaren 15ean Espainiako Gobernuari.
Tren lasterraren obrek eragindako polemikaren erdian egingo da Espainiako Kongresuko eztabaida. Joan den astean, Tolosa, Hernialde eta Anoetako alkateek obren moratoria eskatu zuten, Hernialden lanek eragin duten zulo erraldoiaren arriskuez ohartaraztearekin batera.