argia.eus
INPRIMATU
“Ahoz ahokoa ahalbidetzen ari da egunez egun ‘Handia’k zifra onak mantentzea”
  • "Ostiralean Handia estreinatu zenean ongi funtzionatu zuen, baina ez modu ikusgarrian; bat-batean larunbatean izugarrizko datuak iristen hasi ziren, eta igandean are datu hobeak; ilara handiak herrietan, sarrerak agortuta areto batzuetan, txaloak hainbat emanaldiren amaieran… eta gu txoratzen", kontatu digu Jon Garaño zuzendariak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko urriaren 25a

Zifrak ikusita, lasaiago daudela aitortu digu Garañok, “jendeak filma ilusioz eta gogoz hartu duela ikusten ari garelako. Ahoz ahoko joera dagoela konturatu gara, eta hori ahalbidetzen ari dela egunez egun zifra onak mantentzea. Norbaitek gomendatzea, lagunartean eztabaidak piztea… oso positiboa da”.

Iritzi aldetik, “denetik dago, eta normala da, baina orokorrean oso sentsazio positiboa dugu, jendeak bidaltzen dizkigun mezuengatik, kalean ezagun eta ezezagunek esaten digutenagatik… Lehengoan batek esan zigun ezin duela filma burutik kendu, eta gauza polita da hori. Jende dexentek, gainera, dagoeneko bigarren aldiz ikusi du edo ikusi nahi du pelikula, eta hiru aldiz ikusi duenik ere bada!”.

"Batek esan zigun ezin duela filma burutik kendu, eta gauza polita da hori. Jende dexentek, gainera, dagoeneko bigarren aldiz ikusi du edo ikusi nahi du pelikula, eta hiru aldiz ikusi duenik ere bada!”

Beste datu bat, emanaldietara jende gazte asko hurbiltzen ari da, “eta hori ere pozgarria da, zineman oro har eta gure filmetan zehazki ikusleen profil ohikoena emakumezko helduak direlako”.

Joan den ostiralean estreinatu zenetik, dagoeneko 30.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute Handia zine komertzialetan, eta Espainiako Estatuko lehenengo hamar ikusienen artean sartu da. Dudarik gabe, arrakastatsu abiatu da Jon Garaño eta Aitor Arregiren filma. “Asteburua gakoa da, aretoak hurrengo asteburuetan pelikula mantendu edo ez erabakitzeko orduan, eta aurreikuspenak onak dira alde horretatik: Euskal Herriko herrietan, nahiz eta ohikoena den pelikulak astebete baino ez irautea, mantentzeko apustua egingo dute hainbat lekutan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ere izango da ikusgai hurrengo asteburuan, herri gehiagotan estreinatuko dute…”.

Herriz herriko lanketa

Hain juxtu, hiriburuetatik harago herriz herri egin den lanketak ere badu zerikusirik arrakastan. Atera Films banaketa-etxeari eskerrak eman eta pelikula ahalik eta gehien zabaltzea nahi dutela dio Garañok. “Eskatzen digutenean, pelikula aurkeztera gustura joaten gara lantaldeko kideak, herritarrekin gure esperientzia konpartitzera. Solasaldi interesgarriak izaten ari dira eta nabarmentzekoa da jende gehiena geratzen dela proiekzio osteko hizketaldi horietara, baita pelikula gauean berandu bukatzen denean ere”.

“Oso eskertuta” daudela azpimarratu du, eta gogoratu du “honek segitzen duela”. Bidea egiten jarraituko baitu Handiak, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo.

Irakurri baita ere:

- “Gizon altu sinesgarri bat nahi genuen, ez munstro bat”

- Kritika: “Hazten jarraitzen dute”.