argia.eus
INPRIMATU
Ahotsa.info indartzeko asmoz, 500 akziodun lortzeko kanpaina martxan
  • "En tierra hostil" saioaren parodiek lortu duen eraginaz baliatuta, 500 akziodun lortzeko kanpaina abian jarri du agerkari digital nafarrak. Helburua Ahotsaren bideragarritasuna bermatzea eta tresna indartsuago bat eraikitzea da.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko maiatzaren 05a

Berriki aurkeztu dute "En tierra hostil" Antena 3 kateko saioaz trufatzen den programaren hirugarren atala. Bertan Majaris de la Sorna kazetariaren agurra antzeztu dute eta horrekin batera, akziodunak lortzeko kanpaina martxan jarri dute, Venezuelako kazetaria Iruñean geratu dadin.

Ahotsa proiektua duela urtebete aurkeztu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki atari digitalaren itxiera agindu ostean, komunikazio munduko pertsona ugari bildu eta crowdfunding kanpaina abiatu zuten proiektu berri bat martxan jartzeko. “Oso pozik gaude orain arte egindako lan guztiarekin. Geroz eta talde indartsuagoa gara eta etorkizunera begira proiektu asko dugu buruan”, adierazi dute.

Finantziazioaren arazoa azpimarratu dute: “Urte honetan finantziazio bide ezberdinak lortzen saiatu gara. Egun, Ahotsa oso modu prekarioan mantentzen da”.

Urtean 30.000 euroko kapital soziala helburu

“Urtean 30.000 euroko kapital sozialarekin Ahotsaren bideragarritasuna bermatzea eta tresna indartsuago bat eraikitzeko aukera izanen dugu”, adierazi dute proiektuko kideek. Akziodun bakoitzak urtean 60 euro ordaindu beharko ditu proiektua sostengatzeko. Horretaz gain, akziodunek proiektuan modu aktiboagoan parte hartzeko aukera izanen dute.

Horregatik guztiagatik, herritarrak eta kolektiboak proiektuko akziodun bihurtzeko gonbita luzatu dute: “Diru horrekin bi pertsonak modu profesionalean Ahotsan jarduteko aukera izango lukete. Horretaz gain, ekipoak erosteko funts txiki bat geratuko litzaiguke”.